San Juan Egoitzaren organismo autonomoa desegiteko erabakia hartu du plenoak

Baleike 2015ko aza. 20a, 15:06

Urte bukaera baino lehen Gipuzkoako Foru Aldundiak beregain hartuko du San Juan Egoitza. Ordutik aurrera Kabia fundazioak hartuko du bere kudeaketa. Erabakia 2014ko abenduko plenoan onartu zuen Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurak behin betiko ikus onespena eman zion 2015eko martxoan.

Prozedurarekin jarraituta, atzo egin zen urriko ezohiko plenoan San Juan Egoitzaren organismo autonomoa desegitzea erabaki zen. Egoitza Kabiaren partaide izateko beharrezkoa zen pauso hau ematea. Erabakia zinegotzi guztien (EAJ-PNVren 6ak, EH Bilduren 6ak eta PSE-EEren bakarra) aldeko botoarekin hartu zen. 

Hasiera batean beste bi puntuk osatzen zuten bilkurako gai zerrenda. Bat, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren inguruko adierazpen instituzionala, guztien adostasunarekin onartu zen; bestea, Zumaiako Udal Musika Patronatua desegiteko onarpena ematea, gai zerrendatik kentzeko erabakia azaldu zuen Oier Korta alkateak plenoa hasi eta berehala. Gaia "gehiago lantzeko" eta Patronatua osatzen duten zenbait eragilekin hitz egiteko asmoa erakutsi zuen alkateak. 

EH Bilduren kontrako iritzia

Gaia plenoan tratatu ez bazen ere, EH Bilduren udal taldeak desegite horren inguruan duen kontrako iritzia eman du komunikatu baten bidez. Hiru puntuan laburbiltzen da beraien iritzia.

Koalizioko kideek diote "presaka eta musika patronatuko batzordekideak jakinaren gainean egon gabe" hartu nahi zela erabakia, "kultura batzordean behar adinako patxadaz hausnartu gabe".

EH Bilduren ustetan, patronatuaren helburuak bi dira: "administrazio lana arintzea eta taldeen elkarlana dinamizatuz herrian musika zaletasuna indartzea. Lehenengo helburua ez da lortu, nonbait, baina bai bigarrena, arrakasta handiz gainera".

"Akatsak akats, 22 urtean zehar helburu kulturalak hain ondo bete dituen erakundea inolako hausnarketarik gabe, bat-batean, desegitea ez zaigu egokia iruditu, erabaki hori hartzeko beharrezko liratekeen elementuak faltan bota ditugu", azaltzen dute komunikatuan.

Koalizioaren ustetan, gaiaren inguruko "benetako gogoeta prozesu bati ekin beharko genioke. Eta horretarako, patronatuko kideekin batera, zer hobetu beharko litzatekeen hausnartu beharko genuke, urte guzti hauetan patronatuak izan dituen emaitza onak aintzat hartuz... Musikaren inguruko irizpideak eta helburuak zehaztu ondoren, horretara bideratutako tresna juridikoaren (patronatua izan edo ez) eztabaidari ekin beharko genioke. Alderantziz egitea, egin nahi zen moduan, gurdia idiaren aurrean jartzea litzateke".