Zumaia kolorez jantziko da indarkeria matxistaren aurka

Baleike 2015ko aza. 18a, 10:15

Kamisetak banatuko dira udaletxean herriko balkoiak, dendak, tabernak... apaintzeko. Argazkia: Sara Utrera

Udalarekin batera, ’indarkeria zintzilikatuz’ kanpaina jarri dute martxan herriko hainbat eragileek. Urte honetan, emakumeen aurkako indarkeriazko bost kasu berri artatu dira herrian. 

Azaroaren 25a Emakumeen Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da. «Urtean egun batez ospatzen da indarkeriaren kontrako eguna, baina egunero egin behar dugu lan honen inguruan. Gure foroaren asmoa politikariek eta erakundeek berdintasun politika egokia garatzea da» esan du Tere Eizagirre, Berdintasun foroko kideak.

Aurten, bost kasu berri artatu ditu Zumaiako gizarte zerbitzuak herrian. Cristina Vicente, Berdintasun zinegotziak kontatu duenez, «lehenengo gauza emakume hauei harrera egitea izan da, eta ondoren, informazioa helaraztea». Bost hauetatik hiruk laguntza psikologikoa behar izan dute, eta behar izan duten jarraipena egin zaie guztiei.

Protokolo integrala
Pertsona hauen profilak berdintsuak izan dira kasu gehienetan. «Egoera oso larrian etorri dira, harremanik eta babesik gabe, eta zailtasun handiak izan dituzte beraien errealitatea eta egoera onartzeko» aipatu du Vicentek. «Prozesua oso luzea izaten da, normalean ez baitute salaketarik jartzeko beharrik ikusten, eta behin harrera jasotakoan erabakitzen dute zer egin» jarraitu du.

Udalak, emakumeenganako indarkeriaren aurkako protokolo integrala martxan duela gogorarazi nahi izan du Vicentek. «Protokoloaren helburu nagusia Zumaian dauden emakumeenganako indarkeria gertaeratan eskuhartzen duten eragileentzako eredu normalizatu eta homogeneoa ezartzea da. Bai goiz detektatzeko, eta baita detekatutako genero indarkeria kasuetan baloratu, jarduteko eta nola ez, jarraipena burutzeko. Horretarako baliabideak eta tresnak ematea da gure nahia».

Kanpaina koloretsua
Udaletik bultzatuta, ‘Indarkeria zintzilikatuz’ kanpaina jarri dute martxan  Haurralde fundazioarekin,  Berdintasun Foroarekin, Asanblada Feministarekin eta Malen Etxearekin elkarlanean. «Proiektu honen helburua, indarkeria matxistaren aurkako borroka kolorez janztea da» kontatu du Haurraldeko partaide den Cristina Ruedak. Emakundek babestutako ekimen honetan, hainbat eskolekin eta emakume talderekin egin dute lan. «Sentsibilizazioa eta kontzientzizazioa bultzatzea izan da gure asmoa».

Hezkuntzan ere lanketa
Eskolek  badute zer esana gai honen inguruan eta Zumaiako eskoletako arduradunek egun hauetan lanketa berezia egingo dutela aipatu dute. Ruben Bengoetxea institutuko orientatzaileak esan duenez, «hezkidetzako hiru irakaslez osatutako taldea daukagu eta astero elkartzen gara hainbat gaiez hitz egiteko. Aste honetan eta hurrengoan, eskolek egingo dugun giza katearen inguruan hausnartzeko denbora hartuko dugu, eta baita ekimen horretan jarriko den abestia lantzeko ere». Herri eskolako zuzendaria den Idoia Agirrezabalagak, urte osoan landu behar den gaia dela adierazi du, baina nazioarteko egunaren inguruan, unitate didaktiko bereziak egingo dituztela kontatu du.

Ildo horretatik, irakasleen lana garrantzitsua dela aipatu du Inma Eizagirre Maria eta Joseko orientatzaileak. «Gure ikasleei zabaltzen dizkiegun mezuak zeintzuk diren jakin behar dugu. Gazteekin egiten dugu lan, badakite zer den genero indarkeria baina estereotipoak barneratuta daude oraindik, eta horiek puskatzea zaila da. Eskolan ikusten da hori, horregatik gure lana garrantzitsua da». Agirrezabalaga ere ados dago horrekin. «Detailetan ohartu behar gara, gauza txikiei begiratu, ez ikusiarena egin gabe. Bestela gainezka egiten du egoerak».

 

Erlazionatuak