Pariseko atentatuak gaitzesteko kontzentrazioa egingo da astelehen eguerdian udaletxe aurrean

Baleike 2015ko aza. 15a, 23:10

Zumaiako Udalak ostiral gauean Parisen izandako atentatuak "bete betean" gaitzetsi ditu eta astelehen eguerdian udaletxe aurrean egingo den kontzentraziora joateko deia luzatu du.

Udalak bidalitako oharrak honela dio: 

Zumaiako Udalak euskal gizartearen aldarriarekin bat egin nahi du eta lehendakariaren deiari eutsita, bihar astelehena, azaroak 16, eguerdiko 12:00etan bost minutuko gaitzespenerako kontzentrazio isilean parte hartzeko deialdia‎ luzatzen die zumaiar guztiei.

Zumaiako Udalak erabateko irmotasunaz gaitzesten ditu bart Parisen gertatutako atentatu izugarriak. Era berean, biktimen senideei eta adiskideei ere adierazi nahi die elkartasuna eta bete-betean arbuiatzen du indarkeria terrorista.

Une latz honetan, Zumaiako herriak besarkada solidarioena eta hurbiltasun-sentipen sakonena bidali nahi dizkiegu Pariseko hiriari eta Frantziako herri osoari.