David Juliá, Parisko atentatuez: "Taberna bateko sotoan babestu gara"

Baleike 2015ko aza. 14a, 11:40
Poliziak Parisko kaleetan, gaur gaueko atentatuen ondoren. Argazkia: David Julia

Gutxienez 128 dira hildakoak bart gauean Parisen izan diren atentatuetan. Frantziako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du eta mugak ixteko agindua eman. David Juliá argazkilari zumaiarra Parisen da, eta gertakariak bertatik bertara bizitzea egokitu zaio. Hemen bere kontakizuna:

Argazki kazetaritza ari da ikasten David Juliá Bartzelonan, eta gelakideekin Paris Photo Festival argazkigintza jaialdia ikustera joan da Parisera. "Ostegun gauean iritsi ginen. Etxe batean hartu dugu ostatu, Gare de Lyondik gertu". Atzo gauean, atentatuen berri izan bezain pronto, argazki kamera eskuan hartu eta Errepublikaren plazarantz abiatu zen, zenbait gelakiderekin. "Guk uste genuen ordurako atentatuak amaitu zirela, dena bukatuta zegoela. Ez genekien artean jendea harrapatuta zegoenik [Bataclan] diskotekan". Hiria ezagutu ez eta jendeari galdezka aritu ziren, plazarantz joateko. "Baina denek oso urduri erantzuten ziguten, plazara ez joateko".

Kaleak poliziaz josita egon dira gau osoan. "Poliziak ere oso urduri zeuden, pertsonaren bat korrika edo bizikletaz ikusten zuten bakoitzeko builaka erantzuten zuten, oso urduri". Halako batean, poliziek oihu egin zieten David Juliá eta lagunei, babes zitezen. "Taberna bateko mahai baten azpira sartu ginen aurrena; eta segituan, korrika batean, tabernako sotoan babestu ginen". Tabernara korrika batean sartu ziren unea ez omen du sekula ahaztuko: "Bost polizia zeuden atea babesten, kanporantz begira armak eskuetan eta aurrera begira zituztela, eta gu korrika batean barrura sartzen"

Gau osoan anbulantzien hotsa entzun dute eta, Davidek kontatu berri digunez, goiz partean ere entzuten da oraindik bat edo beste. Gaur kalera irten eta egoera ikustea da beraien plana. Printzipioz, astelehenean daukate Bartzelonara bueltatzeko hegaldia.