2015-2025 Plan Estrategikoa osatzeko lehen faseko azken bilera, asteazkenean, gaztelaniaz

Baleike 2015ko aza. 13a, 15:11

Herritarrek eskatuta Zumaiako Udalak lehen fasean bilera bat gehiago egitea erabaki du. Asteazkenean, hilak 18, 19:00etan hasita Brankan izango da.

Azken asteotan hainbat bilera egin dira aditu eta herritarrekin Biharko Zumaiarako boga. 2015-2025 Plan Estrategikoa-ren lehen fasearen, diagnostiko fasearen, baitan; eta lehen fase hori bere amaierara iristen ari da. Hala, asteazkenean, hilak 18, 19:00etatik 21:00etara, Brankan, azken bilera egingo da. Bilera hori gaztelaniaz egingo da, herritarrek horrela eskatuta. Izan ere, orain arteko bilerak euskaraz egin dira gehienbat, eta hainbat herritarrek eskatuta azken bilera bat gaztelaniaz egitea erabaki du Udalak.

Bukatzear den lehen fase honetan, orain arte sei bilera egin dira herritarrekin zein arloetako adituekin. Landu diren gaiak, berriz, honakoak izan dira: zerbitzu eta ekipamenduak, herrigintza eta elkarbizitza, garapen ekonomikoa eta lurralde antolamendua. Asteazkeneko azken bilera horretan, orokorrean, gai guztietaz arituko dira parte hartzaileak.