Juanjo Alvarez, euskal unibertsitate bateratuaren haziak ereiten

Baleike 2015ko aza. 13a, 10:24

Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2015 Saria jaso berri du Juan Jose Alvarez katedradun zumaiarrak pasa den urrian. Donostiako Miramar Jauregian egin zen sari banaketa ekitaldian, Bidasoaren bi aldeetako euskal unibertsitateak bilduko lituzkeen euskarazko unibertsitate birtuala sortzeko ideia plazaratu zuen. Euskal unibertsitate bateratu baten hazia izan al daiteke? Baleike aldizkarian argiraratutako elkarrizketa daukazue jarraian.

"Donostiatik Leioara bidean nindoan kotxez sariaren berria eman zidatenean", gogoan du Juan Jose Alvarezek (Zumaia, 1964). "Iñaki Dorronsorok [Eusko Ikaskuntzako presidenteak] deitu zidan esanaz epaimahaikideen guztien adostasunarekin hartu zutela erabakia. Nik, noski, saria ezagutzen nuen, unibertsitate munduan oso Prestigio handiko delako, baina ez nekien hautagaien artean nengoenik ere. Ondoren jakin nuen hiru unibertsitatek proposatu zutela nire curriculuma aztertzea. Horrek oraindik gehiago poztu ninduen". Sari hau jaso izanaren ardura ere handia dela dio. "Aurretik sarituak izan direnen artean Chillida edo Caro Baroja bezalako jendea dago. Ni ez naiz kanpora begira hain ezaguna, baina zortea izan dut nire curriculuma eta ibilbidea saritu dutelako".

Donostiako Ibaetan, Zuzendaritzako Fakultatean duen bulegoan hartu gaitu. Lanez gainezka dago: bilera batetik dator eta ondoren bi ikaslerekin beste bilera bat du; arratsaldean, gainera, konferentzia bat emango du Nafarroan. Korridoreetan zenbait ikasle eta ikasle ohirekin egin du topo eta denekin geratu da hizketan ikasketez edo etorkizunera begira dituzten planez. Nabari da maite dituela irakaskuntza eta unibertsitatea. "Sari honek etorkizunera begira bultzada handia ematen dit. Egun guztiak erronka balira bezala hartzen ditut. Berdin zait klase bat edo Abokatuen Elkargoaren aurrean eman beharreko konferentzia bat izan. Dena eman behar da beti, eta, nire kasuan bezala, irakaskuntza gustatzen bazaizu, are eta politagoa bihurtzen da".

Liburuz betetako bulegoa da berea. Zarauzko paisaia batzuk ere baditu horman zintzilik. Zumaian jaioa bada ere, Zarautzen bizi da. Zuzenbidean doktoratua eta Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan Katedraduna da, biak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta urte askoan Bergarako UNEDeko zuzendari akademikoa ere izan da. Barrutik ezagutzen du unibertsitate mundua eta ezagutza horretatik dator Euskal Herriko zazpi unibertsitateak euskarazko on line unibertsitate bakarrean biltzeko proposamena. "Unibertsitateak asko hobetu direla antzematen dut; profesionalizatu egin dira. Nik nire ibilbidean hainbat unibertsitaterekin kolaboratzeko zortea izan dut: UNEDen egon naiz zuzendari, Nafarroako Unibertsitateko kideekin harreman estua dut, masterrak eskaini ditut beste bi unibertsitatetan... Konturatzen nintzen bata bestearengandik isolatuta bizi garela eta geure artean lehiatzen ari garela. Eta logikoa da, dugun ikasle kopurua dugulako eta bizi garen gizartean bizi garelako. Baina ez gara ia ezertan kolaboratzen ari. Logikoa al da hori? Zer eredu ematen diogu gizarteari ez bagara gai etxe bakoitzeko adituak bilduko dituen graduondoko bat edo master bat antolatzeko elkarrekin? Edo elkarrekin ekintzak antolatzeko gai ez bagara?", galdetu du.

Sari banaketa ekitaldian emandako diskurtsoa prestatzeko buelta asko eman zizkion buruari, baita legedia irakurri ere. "Euskal unibertsitate sisteman kolaboratzeko beharra jasotzen da. Baina nire ustez logikarik ez duen premisa batetik abiatzen da: EAEn egoitzarik ez duten unibertsitateek ezin dute sistema honetan egon, nahiz eta hemengo ikasleak formatzen dituzten. Hori ilogikoa da. Nire ustez, Pabeko, Baionako, Sarrikoko, Leioako, Arrasateko, Gasteizko, Donostiako edo Iruñeko unibertsitario bat, horietako edozeinetan ikasten baldin badu, gurea ere bada".

Euskal unibertsitate bakarrak sortzeko Universitat Oberta de Catalunya hartzen du eredutzat. "Haren antzeko unibertsitate bat sortzearen ideia bota nuen, on line eta euskaraz izango zena. Agian etorkizunean gaztelaniaz ere bai, baina, hasieran, behintzat, euskaraz”. Proposamenarekin keinu bat egin nahi izan zion Eusko Ikaskuntza berari; izan ere, 1923. urtean herriarentzako unibertsitate bat sortzeko ideia azaldu zuen erakunde honek. “Eta herri bezala, Euskal Herria aipatzen zuen".

On line, euskaraz eta, gainera, auzolanean sortzeko apustua egin zuen. "EHUk jarri behar al du martxan? Edo UNEDek? Egin dezagun elkarlanean. Beste kontu bat da hau gauzatzeko borondaterik ba ote dagoen politika munduan edo instituzioetan. Ez da izango artikulatzen erraza, baina guk egiten ez badugu, kanpotik negozio bila datorren norbait etorriko da martxan jartzera".

Elementu sinboliko eta identitarioen gainetik ("Basque Country estrategiaren baitan, gure kultura eta hizkuntza nazioartekotzeko elementu baliagarria izan daiteke"), praktikotasunaren garrantzia azpimarratu du. "Hau berez ez dago Wisconsin edo Boiseko ikasle batentzat pentsatuta, herri honetan bizi baina klase presentzialetara joan ezin duten ikasleentzat baizik. Klaseetara joan ezin eta euskaraz formazio gorena eskuratu nahi dutenentzat. Masterrak, kurtsoak eta graduak eskainiko dituen euskarazko unibertsitatea izango litzateke. Eta hemendik mundura".

Unibertsitate munduan on line dimentsioa gero eta indar handiagoa hartzen ari dela dio, eta horren adibide batzuk jartzen ditu: "Londreseko Open University munduko unibertsitate handiena da. Massachussetseko MITen indar handia ematen diote on line dimentsioari eta munduko onenak fitxatzen dituzte gai guztietan. Yale-n, berriz, medikuntzako kurtsoko jarraipen handia internet bidez egiten da. Gure unibertsitateek dimentsio presentzial handia dute, eta hori ez dute galduko, baina proposamen hau gauzatuta kolektibo zabal batek bere lekua aurkituko du bertan".

Beste abantaila bat, eta oso garrantzitsua, bere esanetan, ekonomikoa izango litzateke. "Ez da zentro handi bat eraiki behar, ezta giza talde berri bat kontratatu behar ere. Gaitasun linguistikoa dugun irakasleok gure denboraren zati bat unibertsitate horretarako moduluak egitera dedika genezake". Paper gaineko proposamenetik errealitate izateko bidean, uste du zentro bakoitzaren mesfidantzak alde batera utzi behar direla. "Bataren eta bestearen harrokerietatik ihes egin eta elkartu egin behar dugu. Hori falta zaigu, ez unibertsitatean bakarrik, baita herriko beste dimentsio batzuetan ere. Gizarte eredua eskaini behar duen arlo batean, unibertsitatean, lehiatzeaz gain, kolaboratzeko gai izango behar dugu, gizarteari etsenplu handi bat emateko. Txikiak gara, mundua handiegia da proiektu batzuetarako, eta lehiatzen egotea logikoa bada ere, elkarri aurpegira begiratu eta elkarren artean zerbait egiten hasi beharko genuke".

Borondate politikoa

Halako ekimen bat martxan jartzeko ezinbestekoa da alderdi politikoen borondatea, are gehiago, unibertsitate honek hartuko lukeen eremua bi mugak zeharkatzen dutenean. Ez al gara izango tabu handi baten aurrean? Katedradunak uste du horma horietan "zuloak zabaldu" behar direla. "Nafarroako Gobernuan izandako aldaketak sortutako zulo horretaz baliatu behar gara. Unibertsitate arloak duen alde on bat da aseptikoa dela. Errektore batzuek ontzat eman zuten batzea eta, Daniel Innerarity filosofoaren bitartez jakin dudanez, Nafarroako Gobernua ere oso interesatuta dago. Nafarroako esparru publikoan euskarak gero eta presentzia handiagoa du. Konkisten garaia aspaldi amaitu zen, eta berdin zait zer zentzutan planteatzen diren. Gainera, unibertsitateen arteko kooperazio batek Nafarroa espainiar baten ikuspegiari kalte egiten al dio? Edo Euskal Herritik urrun egotea nahi duen ikuspegi bati? Iparraldean ere interesatuta daude; gero eta familia gehiagok eskolatzen dituzte beraien haurrak euskaraz eta frantsesez. Enpresa munduan badago dagoeneko kolaborazio hori eta unibertsitateak ere baditu zulo horiek zabaltzeko gaitasuna".

Uste zabaldua da unibertsitate birtual batek oztopo horien guztien gainetik jauzi egiteko gaitasuna duela. "On line unibertsitate batek ez du mugarik. Frantziaren kasuan, gainera, ez dugu frantziar gobernuaren baimenik behar arlo horretan kolaboratzeko". "Estatuen ikuspegi itsu hori inteligentzia pixka batekin gaindi dezakegu. Ni Londreseko Open Univertsityn izena eman dezaket neure etxetik. Edo Audiman, Esperanza Aguirrek muntatu zuen unibertsitate birtual pribatuan. Gureak ez du business edo negozio kontzepturik; beste unibertsitateak baztertu gabe metodologia alternatibo bat eskaintzen duen kooperazio kontzeptu bat da. Etxepare Institutua, nazioartean euskarak duen dimentsioa eta herria bera indartuko lituzke eta, gainera, unibertsitateen arteko bultzada lortuko luke".

Proposamen hau egia bihur dadin, euskara funtsezkoa dela uste du Juan Josek, herrigintzako elementu bertebratzailea den bezala. "Badakigu zerk banatzen gaituen eta zer diferentzia ditugun tamaina, teknologia eta barne antolamenduaren aldetik. Baina badago zerbait batzen gaituena eta hori euskara da. Liskar politikoa alde batera utzi eta euskara gizarte, unibertsitate eta hezkuntza arloetara eramaten badugu, nik uste omenaldi bat egingo geniokeela une hartan landu gabekoa zen hizkuntza bat unibertsitatera eta lan mundura eraman zuten haiei. Gure unibertsitatean, baita besteetan ere, irakasgai bakoitzean bi talde daude orain, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz; justizia munduan ere gero eta gehiago erabiltzen da. Nik uste proiektu honen inguruan Euskadin kontsentsu politikorik ez izatea oso zaila dela. Unibertsitateen proiektuari zerbait gehiago eskaintzen badio, euskararen inguruan bada eta, gainera, aurrekontu aldetik hausturarik ez badakar, nor egon daiteke aurka? Euskara interes politikoekin bakarrik erabiltzen duten horien ordez [Carlos Urquijoren izena sartu du hemen], guk, isilik, gure bidea egin behar dugu. Noski, ez da erraza izango, baina tematu beharra dago".