La Caixa Fundazioak 2.000 euroko diru laguntza eman dio Malen etxeari

Baleike 2015ko aza. 13a, 10:18

Emakume inmigranteen gizarteratze prozesuan laguntzea helburu duen Malen etxeak, Zestoan duen aterpetxea egokitzeko lanetan inbertituko du dirua.

2003.urtean sortu zen  Malen etxea elkartea eta ordutik hainbat emakumeren alde egin du lan, batez ere, bazterketaren, biolentziaren eta ezberdintasunaren aurka. Bere baitan, Zestoan kokatuta dagoen aterpetxea aurkitzen da. Hain zuzen, La Caixa Fundazioaren donazioa aterpetxeari laguntzeko erabiliko da. Josu Alkain, Zumaiako La Caixako zuzendariak kontatu duenez, Udaleko gizarte teknikaren bitartez ezagutu zuten Malen etxearen proiektua. «La Caixako gizarte-ekintzak tokian tokiko proiektuetan laguntzeko diru partida batzuk ditu. Gure lehentasunak, pobrezia, inmigrazio eta gizarte bazterketa, lan munduratzea, gaixotasunak eta abar dira. Malen etxeko fundatzailea den Silvia Carrizorekin egon nintzen, Zestoako aterpetxeak zituen beharrez hitz egin zidan, eta gure lehentasunetan sartzen zela ikusirik, gure laguntza eskaini nahi izan dugu».

Guztira, 2.000 euroko diru laguntza eman du La Caixak. Bill Gates Fundazioaren atzetik, gizarte ekintzara zuzenduriko munduko bigarren fundazioa da 500 milio eurorekin. Pozez hartu dute txekea Malen etxeko ordezkariek. Isabel Venegas diruzainaren eta Ileana Obando idazkariaren hitzetan, «oso garrantzisua da gure lanerako». Hala baieztatu du Silvia Carrizo, elkarteko fundatzaileak ere. «Hainbat gasturi aurrera egiteko lagunduko digu diru honek, eta era berean, aterpetxearen funtzionamendua egokitzeko balioko digu». Etxea margotzeko erabiliko dute dirua, konponketa lanak egiteko eta falta diren elektrogailuak erosteko.
«Aterpetxean dauden emakumeek, ahal dutenek, 50 euro ordaintzen dute hilero. Gainerakoan, janari bankuei esker bizi dira, eta Zumaian Olagarro egunean jartzen dugun txosnari esker ateratzen dugun diruarekin egiten dugu aurrera» esan du Carrizok.

Zestoako aterpetxea
Zestoan kokatu dagoen aterpetxeak 2012ko uztailean ireki zituen ateak eta ordutik, 48 emakume bizi izan dira bertan. Guztira, seientzat du lekua, eta egun bi aurkitzen dira bertan. Alkainen esanetan «baztertzeko arriskuan dauden emakume inmigranteak babestea eta hauek gizarteratzen laguntzea dira aterpetxearen helburuak». 

Profil jakin bateko emakumeak bizi daitezke bertan. «Inmigranteak izan behar dira eta etxebizitza bat ordaindu ezin dutenak. Umeekin datozten emakumeak ezin dute bertan ostatu hartu, ez eta alkoholismoa, depresioa, droga menpekotasuna edo genero indarkeria jasan dutenak» aipatu du Carrizok. Laster, josteko tailerra jarriko dute martxan aterpetxean. «Jendeak erropa asko ematen digu, eta hauek birziklatzea da gure nahia. Erropa zaharrekin berriak egitea. Baserritarren erropak eta guzti egingo ditugu».