Aita Mari aretoak 'Zatoz Antzokira' kanpainaren baitan hartu du parte

Baleike 2015ko aza. 13a, 06:00

Zumaiako Aita Mari aretoa Sarean egitasmoaren parte da. Euskadiko ia espazio eszeniko guztiak biltzen ditu sare honek eta bertako ekoizpenen kontsumoa bultzatzeko xedea du. Orain Zatoz Antzokira izeneko kanpaina jarri dute martxan. Zumaian Etxekoak antzezlanarekin hasiko da.

Kanpaina hau azaroan hasi eta 2016ko maiatzera bitartean izango da abian. Euskal antzerki, dantza, musikal eta zirkoko ikuskizunak sustatzeko asmoarekin sortu da. Hala, Sarean parte hartzen duten antzokietan (Aita Mari barne)ikuskizun hauetarako sarrerak erosita, bono antzerako txartel bat eskatu dezake erosleak eta baita zigilatu ere. Bono-txarteleko hiru zigiloak beteta daudenean, 12 euroko balioa duen gonbidapen bat jasoko du; haurren kasuan 4 eurokoa izango da gonbidapena. Gonbidapen hau, gero, Sarean parte hartzen duten edozein antzokitan aldatzeko aukera izango da sarrerak erosterakoan (Sarrerak 12 euro baino gehiago balio badu, diferentzia ordaindu beharko da; merkeagoa bada, diferentzia ez da bueltatuko).  

Txartel hauek pertsonalak izango dira. Hau da, ikuskizun baterako hiru sarrera erosten badira, hiru bono-txartel emango dira. Hiru zigiluak lortzeko, hiru ikuskizun desberdin ikusi beharko dira. Gonbidapen hauek 1016ko urtarriletik aurrera erabil daitezke. 

Aita Marin ostiral honetan aurkeztuko den Etxekoak antzezlanarekin jarriko da ekimena martxan. Hala, turismo bulegoan edo Aita Mariko leihatilan sarrerak erosita, bono-txartela eskatu ahal izango da eta lehen zigiloa jarriko zaio. Txartel kopurua mugatua da. Antzezlanerako sarrerak turismo bulegoan daude aurrez salgai, 9 euroan; 6 euroan Gazte txartelarekin edo Aita Mari lagun izanda.