Paradisu Zinema ekimena jarri dute martxan Gaztetxean

Baleike 2015ko aza. 6a, 13:14

Zinearen zaletasunak bultzata, Paradisu Zinema izeneko ekimena jarri da martxan Torreberri Gaztetxean. Taldearen izenaren lotuta, zer egokiago lehen saiorako Giuseppe Tornatoreren Nuovo Cinema Paradiso baino. Saioa igande honetan, azaroaren 8an, 19:00etan izango da Gaztetxean.

Facebooken sortutako txokoan honako testua irakurri daiteke ekimenaren aurkezpen bezala:

"Zinearen aitzakiak bildu duen taldetxoa gara. Zinearekiko zaletasunak eta momentu atseginak pasatzeko gogoak mugitu gaitu. Hasiera batean, eta printzipioz, noizbehinkako igandeetan elkartuko gara Zumaiako Torreberri Gaztetxian.

Proiektatuko dugun filma guztion artean aukeratzea da asmoa. Horretarako, film-emanaldi bakoitzean bi aukera izango ditugu ("atsegin dut" botoiari eman eta aukeratu ikusi nahi duzun filma!). Bestalde, proposamenik izango bazenu, animatu, eta idatziguzu mezutxo bat.

Paradisu zineman ikusiko gara!"

Facebookeko txokoa.