Itsas ondarearekin lotutako hitzaldi ibiltaria egingo da Zumaian azaroaren 22an

Baleike 2015ko aza. 3a, 12:10

Urola Kostako udal elkartea osatzen duten herriek lotura estua dute itsasoarekin. Hori dela eta, eskualdeko udalak eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat proiektu lantzen ari dira itsas-ondarea berreskuratu eta ezagutzera emateko. Hor kokatzen dira azaroan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo diren hitzaldi ibiltariak.

Azaroaren 1ean eman zitzaien hasiera, Orion. Hurrengo igandeetan Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Aian egingo dira. Goiz erdiko bost hitzaldi ibiltari dira guztira, gaian aditua den pertsona batek gidatuta. Bidean, aditu horrek azalpen eta argibide ugari eskainiko ditu. Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, baina aurrez izena eman behar da.

Zumaiari dagokiona azaroaren 22an izango da, goizeko 11:00etan Olazabal jauregiaren paretik aterata. Euskal itsas-balentrien antzinako monumentuak izango da gaia eta hizlaria Xabier Alberdi Lonbide, itsas historian aditua. Olazabal Idazkariaren jauregi aurrean hasi eta San Telmo komentuan amaituko da. Historian zehar euskaldunek itsasoetan burututako balentriak ondorengoek ahaztu ez zitzaten, elizetan eraiki zituzten oroigarri eta monumentuak aztertuko dira. Besteak beste, Zumaiako San Pedro parrokia, San Telmo ermita, San Jose komentua eta zenbait jauregi eta dorretxe ezagutuko ditugu.  

Izen ematea: Zumaiako Turismo Bulegoa, tel. 943143396, turismoa@zumaia.eus.

Beste irteerak

Zarautz

Hitzaldia: Galdutako itsas historia berreskuratzeko saiakera bat.

Non: Zarautzen.

Noiz: Azaroak 8, igandea, goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Berazadi zaharra (Goiko kanping-a) baserriaren aurreko aparkalekuan hasi eta amaituko da. Ibilbidean, itsas jarduerekin ustez harreman txikia izan duten Zarautz bezalako herriek ere itsas historia aberatsa dutela frogatuko dugu. Besteak beste, talaiak, portuak, zamalekuak, hondoraketak, itsas industria eta abar landuko dira.

Izen ematea: Zarauzko Turismo Bulegoa, tel. 943830990, turismoa@zarautz.eus.

Getaria

Hitzaldia: San Anton mendiko sekretuak.

Non: Getarian.

Noiz: Azaroak 15, igandea, goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Getariako moilan, San Anton mendiko bidearen hasieran (San Anton erretegiaren ondoan) hasi eta amaituko da. Gipuzkoako portu seguruenaren futsezko elementua den San Anton mendiko itsas historia aberatsa landuko da. Besteak beste, moilak, lonjak, ermitak, talaiak, faroa, gotorlekuak eta abar ezagutuko ditugu.

Izen ematea: Getariako Turismo Bulegoa, tel. 943140957, turismogetaria@euskalnet.net.

Aia

Hitzaldia: Gure itsas paisaia zaharrean zehar.

Non: Aian.

Noiz: Azaroak 29, igandea, goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Ubegun industrialdetik hasiko da ibilbidea. Bertatik autobusez Laurgainera gerturatuko gara. Ondoren, mendi ibilalditxo baten moduan Laurgaindik irten eta Ubegun industrigunera itzuliko gara. Bidean, Laurgaingo jauregia, Agorregiko burdinola eta errotak, Manterola burdinola, Ibarrola inguruko haizeolak, Amasportuko errenteria edo lonja, errota eta haizeolak, eta azkenik Oribarko portua, eta bidean dauden baserri, lursail, sagasti, baso eta abarrak, guzti-guztiak antzinako itsas paisaia zaharrarekin lotura dutenak ikusiko dira.

Izen ematea: Aiako Kultur Etxea, tel. 943130924, kulturetxe@aiako.com.