Mintzalaguneko bost talde eratu dira Zumaian

Baleike 2015ko aza. 3a, 11:45

Mintzalagun programa abian da berriro, euskaraz dakitenak eta hizkuntza ikasi nahi dutenak euskar hitz egiten aritu daitezen. Guztira 24 talde osatu dira eskualdean, astero hitzordua egin eta euskaraz aritzeko: Getarian 2, Orion 3, Zarautzen 14 eta Zumaian 5. Mintzalagun talde horietan 92 pertsona ari dira denera, 24 bidelagun (edo euskaldunzahar) eta 68 bidelari (edo euskaldunberri).

Ikasturteari hasiera eman eta mintzalagunak elkartzeko emanaldi bat egingo dugu azaroaren 5ean ( ostegunean), 19:00etan, Zarauzko Etxe-Zabalan. Miriam Mendoza ipuin kontalariak “Bertako kontaera zaharrak” saioa eskainiko du. Gonbidatuta daude mintzalagun guztiak.

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Zer lortzen dugu:

  • Bidelariak, euskaldun berriak: euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du.

  • Bidelagunak, euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu, bertako hizkera erakutsi, egiten ari diren ahalegina saritu eta aitortu…

2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEKk egiten ditu.

"Programaren bilakaera ona izan da eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ginen eta, adibidez, ikasturte honetan 24 talde eta 92 pertsonak hartu dute parte".

Mintzalagunak astero elkartzen dira, euskaraz aritzeko. Hori osatzeko, ikasturte hasieran eta amaieran ekitaldi bana egiten da (hitzaldi, diaporama, ipuin emanaldia…). Horrekin batera, irteerak, topaketak, eskualdeko kultur emanaldietara joateko sarrerak…

Interesa duenak honako telefono eta helbide hauetara jo dezake argibideak jasotzeko eta izena emateko: