Omenaldia Arroa Behean gerraostean preso egon zirenen oroimenez

Arroa Beheko auzo elkartea 2015ko urr. 30a, 21:31

Marcelo Usabiaga, presoetako bat, 2014ean ateratako argazki batean.

Bihar, larunbata, eguerdiko 11:45etan, omenaldia egingo zaie Arroa Behean Gerra Zibilaren ostean, 1940ko hamarkadan, preso egondako guztiei.

Memoria historikoaren adiskide talde bat, Zestoako Udala eta Arroa Beheko auzo elkarteak indarrak batu, eta hiruren artean antolatu dute ekitaldi hau. Dataren arrazoia zera da: hilaren 30ean Marcelo Usabiagak 99 urte beteko lituzke, baina uztailean hil zen, 98 urte zituela.

Hala ere, data hori egokia iruditu zitzaigun preso guztiei omenaldia egiteko. Marcelo ezagutzeko aukera izan genuen. Borrokalari konprometitua eta gizon atsegina zen. Iaz hitzaldi bat ematera gonbidatu genuen, eta auzotar andana hurbildu zen bera ezagutzera eta garai haietako kontuak entzutera. Ekitaldi honetan, hitz batzuk esateaz gain, plaka oroigarri bat jarriko dugu haien izenean, aurreskua dantzatuko da, zementu-fabrikako sirena eta txalaparta joko dugu, Udalaren adierazpen ofiziala irakurri, eta amaieran, parte-hartzaile eta hurbiltzen diren herritar guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie.

Kontaktua: Ignacio González 608 412 552