Lapurreta izan da Coro Prieto estetika zentroan

Baleike 2015ko urr. 30a, 15:02

Goizeko 04:00etan sartu dira lapurrak estetika zentroan, eta hainbat produktu ostu dituzte. Jabeen ustetan, produktu hauek azoketan salduko dituzte prezio baxuetan.

Ezusteko ederrarekin esnatu dira Coro Prieto estetika zentroko jabeak gaur goizean. "Goizeko 04:00etan Ertzaintzak amari deitu dio dendan norbait sartu dela esanez" kontatu du Itxaso Curielek. Segituan joan da Coro Prieto dendara eta alabari deitu dio bertara joateko abisatuz. "Bitarte horretan, goiko Eroski parean lau pertsona ikusi ditu baina ezin izan ditu identifikatu" esan du. "Gainera ez dakigu beraiek izan diren edo ez" gaineratu du.

Sarrera nagusiaren aldameneko kristala apurtu dute estetika zentrora sartzeko. "Lan txukuna egin dute. Kristala osorik kentzen saitu dira, aurrena silikona kenduz eta gero markotik askatuz. Baina puskatu egin zaie" aipatu du. Behin barrura sartutakoan alarma eta telefono linea kendu egin dituzte. "Ez da lapurtzera etortzen zaizkigun lehenengo aldia izan. Orain dela 5 hilabete sartu ziren, eta soilik dirua hartu zuten. Oraingoan aldiz, bazekiten zertara sartu diren, eta apaletan aurkitu dituzten produktu guztiak eraman dituzte" kontatu du Itxasok.

Erdi eta goi mailako produktuak izan dira lapurtu dituztenak. Horietatik kremak, garbitzaileak, tonikoak... Horretaz gain, kaxan zuten dirua ere hartu dute. "Egindako kaltea aseguruak ordaintzea espero dugu, baina amorrua eta sustoa hartu dugu" azaldu du. "Produktu hauek azoketan saltzen dituzte ondoren. Honen inguruan izugarrizko mafia dago antolatuta. Prezio baxuak jartzen dizkie produktuei eta listo, horrela egiten dute negozioa. Baina nik ez erosteko deia egingo nieke kontsumitzaileei. Azkenean, besteoi lapurtutako gauzak izaten dira".