Abenduaren 9tik 13ra egingo da aurtengo Klarinete Maratoia

Baleike 2015ko urr. 22a, 13:32

Abenduaren 9tik 13ra bitartean egingo da aurtengo Maratoi Klarinetea. 14. aldia izango du aurten Zumaiako Udal Musika Bandak antolatzen duen ekimen honek eta, aurreko 13etan bezala, ikastaroak, tailerrak, kontzertuak eta abar luze bat izango dira, beti ere, musika instrumentu honen inguruan. 

Ikastaroen arduraduna, ohikoa den bezala, Carlos Casadó valentziarra izango da. Espainiako Orkestrako kidea eta aurreko urteetan bezala maila guztietara zabaldutako bakarkako eta taldekako ikastaroak emango ditu, baita helduentzako ere.

Aurtengo Maratoiko berrikuntza Clarinet Clinik izeneko ekitaldia izango da. Helduei zein haurrei zuzendutako tailerra izango da eta doinua, arnasketa eta teknologia berrien erabilpena izango ditu ardatzak. Lehen biak Casadó berak emango ditu. Teknologia berriei dagokiena, berriz, Londresetik etorriko den Chanel Kiasik emango du. Musika eta ingelesa uztartzen dituen ekintza honetan, Kiasik, Nerea Alonsoren laguntzarekin, 14. Maratoi honetako sintonia eta bideoa sortuko dute. Ana Maria Huartek, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako irakasleak, gaztetxoekin landuko du era jostagarri batean teknologia berrien erabilpena musika munduan. 

Klarinetearekin lotutako erakusketak ere izango dira Ubillos jauregian. Buffet, Erviti, Selmer edota Vandoren etxeen materiala ikusteko aukera izango da. 

Aurreko urteetatik indarra hartzen joan den klarinete laukoteen lehiaketa ere egingo da aurten. Lehiaketa hau gaztetxoei zuzenduta dago.

Herritarrei zuzendutako ekintzak ere izango dira: pintxo pote musikala eta, noski, kontzertuak. Alde batetik Clarinet-String Connection taldea izango da, Mozart, Howells eta Bacri-ren obrekin, eta, bestetik, Oscar Navarroren Bigarrengo kontzertua entzuteko aukera ere izango da. 

Maratoiaren inguruko informazio guztia bandaren blogean aurki dezakezue. Parte hartzeko informazioa ere bertan aurkituko duzue.