Nor baino nor harriari tiraka

Baleike 2015ko urr. 26a, 20:00

Zumaiako arraunlariak eta Itziarko Andutz taldeak azaroaren 1ean jokatuko dute erronka Itziarko plazan. 900 kiloko harria hartuta 20 minutuko lana egin beharko dute. Jagoba Uranga eta Unai Gomez dira egun horretan parte hartuko duten kirolarietako bi.

Erronka egiteko erabiliko duten harria Itziarko plazako izkin batean kokatuta dago. Azken ikutuak ematen ari dira egun handiari begira. "Harriari lotuta dagoen burdinaren zati bat etenda zegoen eta konpontzen ibili gara" esan du Unai Gomez, Itziarko taldeko kideak. Hain zuzen lan horretan harrapatu dugu itziartarra. Berehala etorri da desafioko beste protagonistetako bat: Jagoba Uranga itziartarra. "Itziartarra naiz bai, baina Zumaiako arraunlariekin jokatuko dut lehia" kontatu du.
Aspaldiko ezagunak dira biak. "Iaz talde honetan ibili nintzen tiraka" aitortu du Jagobak. Unai bere aldetik ere, arraunean ibilitakoa da. "Bi taldeak gara ezagunak. Arraunean ibilitako batzuk giza proba egiten dute orain, eta alderantziz" aipatu dute biek.
Desafioaren ideia otsailean sortu zen. "Giza probako taldeak afari bat egin zuen eta orduan atera zen gaia. Ni Itziarko taldea utzita nengoen, eta arraunean hasita. Segituan esan genuen baietz" aipatu du Jagobak. Data zehatza jarri gabe esan zioten apostuari baietz. "Bi taldeon denboraldia amaitutakoan hitz egingo genuela geratu ginen, eta beno, azaroaren 1eko azokaren eguna erabaki genuen" esan du Unaik.

Denboraldi bikaina biek
"Baiezkoa eman genuenean, entrenatzeko denbora gehiago izango genuela pentsatzen genuen" aitortu du Jagobak. Izan ere, Zumaiako arraunlariak TKE ligara igotzea lortu zuten iraila amaieran, eta horrek erronka hau prestatzeko denbora kendu die. "Otsailean ez zuen inork pentsatzen mailaz igoko ginenik, eta begira nola diren gauzak" esan du. Denboraldia bukatuta, arraunlari askoek oporrak hartu dituzte. Beraz, azken hiru aste hauetan hasi dira prestatzen erronka hau. Hala ere, zortzi lagunetik bost noiz edo noiz giza proban jardundakoak dira. "Sekula ibili gabekoak baginen ez genuen erronka hau onartuko. Ia ezinezkoa da bestela hain denbora gutxian prestatzea" aitortu du.

Itziarko taldeak bere aldetik, Gipuzkoako txapeldun izatea lortu zuen uztailean. Gustura daude lortutakoarekin baina hurrengo urteko txapelketari begira ez dakite zer gertatuko den. "Urte hasieran egiten dira bilerak herri kiroletako federazioan, eta izen ematen duten taldeen arabera antolatzen da txapelketa. Aurten lau talde izan gara, eta gutxienez hiru behar dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den" esan du Unaik.
"Bi taldeok denboraldiko helburuak beteta gatoz zita honetara, moralki oso altu eta dena emateko prest. Ikuskizun ederra izateko osagai guztiak ditu" adierazi du Jagobak.

Ohorea jokoan
Azaroaren 1ean arratsaldeko 18:30ean jokatuko da lehia Itziarko plazan. "900 kiloko harria hartuta, 20 minututan zeinek plaza gehiago egin da erronkaren helburua" aipatu du Jagobak. Talde bakoitzak, zortzi kirolarien artean, 660 kilo pisatu behar ditu. "Pasatzen garen kilo bakoitzeko, bi kilo gehiago hartuko ditugu bestela" esan du Unaik.
Lehia paretsua aurreikusten dute biek. "Irabazten duenak plaza gutxigatik irabaziko duelakoan nago" jarraitu du Unaik.
Sarrera doakoa izango da, eta ahalik eta jende gehien gerturatzea gustatuko litzaieke biei. Lehia bukatutakoan izara pasako dute, bakoitzak nahi duen eskupekoa botatzeko. "Hor ateratzen den dirua irabazlearentzat izango da, baina hori baino gauza inportanteagoa dugu jokoan: ohorea" esan dute biek.
Jende askoren ahotan omen dabil erronkaren gaia aitortu dute. «Batzuk arraunlariek erraz irabaziko dutela esaten dute, beste batzuk berriz giza probako taldeak» aipatu du Jagobak. "Nik uste presio gehiago beraiek dutela" jarraitu du. "Egia da etxean jokatzeak, aurkariak ezagutzeak eta txapeldunak izateak presioa areagotzen duela" esan du Unaik. "Gutxienez kondizio bera egotea nahi dugu. Ez talde bati euria egitea eta besteari ez, adibidez. Izan ere horrek asko baldintzatzen du plazaren egoera" aipatu dute.
Jagobak bere anaia Josurekin batera jokatuko du lehia. Itziarko taldean berriz, anaia zaharra izango du, Aitor. "Gure amak esaten duen bezala, txapelduna etxean geratuko da behintzat" esan du barrezka.