Olatuen gainean dantzan

Baleike 2015ko urr. 9a, 06:00
Olatuak ostegun arratsaldean Itzurun hondartzan

Bodyboardeko euskal zirkuituko bigarren jardunaldia jokatuko da larunbat honetan Zumaiako Itzurun hondartzan. Itsasoaren egoera egokia bada eta olatuak lagun badira, goizeko 8ak aldera egingo da checkinga eta minutu gutxira hasiko dira olatuen gainean dantzan.

Euskal zirkuitua hiru probaz osatzen da. Maiatzean Donostian izan zen lehen hitzordua, Zurriolako hondartzan. Zumaiakoaren ondoren, azaroan, Getxoko Ereaga hondartzan jokatuko da hirugarrena. Azken honen kasuan, eta Ereagako olatuaren berezitasunak kontutan hartuta, lekuak mugatuak izango dira. Hori dela eta, urteko rankingean ondo sailkatuta egon beharko da parte hartu ahal izateko. 

Euskal zirkuitua Europako bodyboardean dagoen proba garrantzitsuenetakoa da. Banatzen diren sariak (6.000 euro guztira, 2.000 proba bakoitzeko) eta bertaratzen den rider kopuruak eta hauek duten mailak hala erakusten dute. 

Rider ezagunenen artean Alex Uranga zumaiarra dago, gaur egun elite mailan lehiatzen ari dena (APBko rankingean 16 onenen artean da). Sopelako David Perez ere partaideen artean da. Bodyboardeko munduko txapelduna izan da hau. Alex Odriozola zumaiarrak, Antonio Ortizek, Aritz Larrinagak, Borja Gainzarainek eta maila handiko beste hainbat riderrek ere agerian uzten dute euskal bodyboardaren garrantzia.

Aurten bi Wildcard banatuko dira. Wildcardak parte hartzeko gonbite bereziak dira. Bat Alex Odriozolak jasoko du, 2014ko zirkuituko irabazleak, eta besteak bertako klubak. Txartel hau, teorian, herrian jokatuko den txapelketako irabazlearentzat izango litzateke. Txapelketa jokatu ez bada, Wilcard edo leku hori klubak erabakiko duen rider batentzat izango da.