San Juan egoitzaren alboko etxea eskaini du Zumaiako Udalak Siriako errefuxiatuak hartzeko

Baleike 2015ko urr. 2a, 11:48

Siriar errefuxiatuen kanpaleku erraldoia Jordanian. Argazkia: Wikipedia

Siriako eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazi zuen Udalak azken plenoa. Konpromiso horri eutsiz, Siriako gerratik ihesi datozenak era koordinatuan hartzeko informazioa jaso eta eman beharreko pausoak ematen ari da Udala.

Aste honetan, emeregentzia planaren eta errefuxiatuen inguruko bilera egin zuen Udalak herritarrekin. Bertan izan zen Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea ere. Hark azaldu zuenez, ez dute informazio zehatzik gaiaren inguruan. Hala ere, beraien kalkulu batzuk eginak dituzte, eta dakitenera arteko informazioa azaldu zuen. Dituzten datuen arabera, datozen bi urteotan 1.000 inguru errefuxiatu etorriko dira Euskal Autonomia Erkidegora. Hala ere, garbi utzi nahi izan zuen, Eusko Jaurlaritza ez dela sartuko kupo eta persona kopuruen eztabaidan, elkartasunez eta arduraz jokatuko dutela,  baliabideen araberako plana eskainiz.

Oier Korta Alkateak azaldu zuen, Eudelen bidez errefuxiatuak hartzeko eskaini ditzaketen baliabideen inguruko informazioa eskatu dietela Udalei. Zumaiako Udalak, lehen pauso horretan San Juan Egoitzaren ondoan dagoen etxea eskaini du. Bost logela bikoitz, sukaldea, komuna eta bestelakoak ditu, eta familia handientzako egokia izan daiteke.