Mugarik gabeko emakumeak

Baleike 2015ko urr. 1a, 17:18

Ekitaldi berezia izan da gaur eguerdikoa. Martxoaren 6an Kurdistanetik atera, eta urriaren 17an Lisboan bukatzen den Emakumeen Mundu Martxak geldialdia egin du herrian.

«Feminismoaren berpizkundea bizitzen ari gara momentu honetan, eta horrelako ekitaldi batek bultzada handia ematen digu lanean jarraitzeko» aipatu dute Zumaiako Asanblada Feministeko kideek.

Eguerdian egin du sarrera kotxe karabanak herrian barrena, eta bozina hotsez lagunduta, Alondegiaren aurreko plazan egin dute lehen geldialdia. Dozenaka herritarrek txalo artean egin diete harrera, eta kalejira batez lagunduta, Beheko plazara joan dira.

«Mundu hau irauli arte jarraituko dugu martxan» abestu du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak. Eta halaxe baieztatu du Malen Etxeko arduraduna den Silvia Carrizok: «Gure zalantzak, galderak, errebindikazioak... plazaratu egin behar ditugu, eta horrelako ekitaldiak erabat positiboak dira». 

Ekitaldi nagusian, Emakumeen Mundu Martxaren Urola Kostako adierazpena irakurri dute. «Azken aldiko emakumeen migrazioak lan prekarioa dakar kasu askotan, eta hainbat emakumek jazarpena jasaten dute lanean» aipatu dute, besteak beste. Ereindako haziak sustraitu egin behar dira esaldiarekin amaitu dute adierazpena.

Jaiak bazkari batekin jarraitu du, eta arratsaldean, Zumaiako esperientzia feministei buruzko mahai ingurua egongo da. Tere Eizagirre, Berdintasun foroko partaideak esan duenez, «herriko eragileen lana ezagutaraztea, helburuak azaltzea eta Zumaiako errealitatea aurkeztea izango dira mahai inguruaren ardatzak».

Emakumeen Mundu Martxak urriaren 4ean utziko du Euskal Herria eta Lisboara iritsiko da urriaren 17an. Euskal Herritik bidaia antolatzen ari dira Portugalera joateko. Informazio gehiago lortu nahi duenak info@emakumeenmundumartxa.eu helbidera idatzi behar du.