Udalak diru laguntzak emango ditu euskara ikasten aritu direnentzat

Baleike 2015ko ira. 29a, 14:53

Ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak, autoikaskuntza eta internet bidezkoak lagunduko dira.

Euskara ikasten aritu diren pertsonek urriaren 1etik 15era Udalak eskaintzen dituen diru laguntzak eskatzeko aukera dute.

Laguntza hau jasoko dituzten ikastaroak ohikoak, trinkoak edo barnetegietakoak, autoikaskuntza eta internet bidezkoak izango dira.

Laguntza hauetara aurkezteko baldintzak berriz, zumaian erroldatuta egotea eta gutxienez klaseen %80ko asistentzia egiaztatzea eskatzen da.

Eskaintzen diren diru laguntzak ondoko hauek dira:

Ohiko ikastaroak

Langabeek: matrikularen %100

Gainerakoek: matrikularen %75

Ikastaro trinkoak eta barnetegiak

Langabeek: eskola-orduen matrikularen %75  (gehienez 600 €)

Gainerakoek: eskola-orduen matrikularen %50 (gehienez 450 €)

Ikastaro trinkoak dira egunean 3 ordutik gorako ikastaroak (3 ordukoak barne). Barnetegietan ez dira ostatu-gastuak diruz lagunduko.

Autoikaskuntza

Langabeek: matrikularen %100 (gehienez 600 €)

Gainerakoek: matrikularen %75 (gehienez 450 €)

Oharra: Ikaslea langabea edo Gizarte Zerbitzuen erabiltzailea izanez gero, baldintza berezi horiei dagokien ehunekoa aplikatuko zaio egoera horretan egindako denbora tarteari. Bi egoera horiek behar bezala egiaztatuko dira, langabezia-txartelarekin eta Gizarte Zerbitzuen ziurtagiri edo txostenarekin.

Diru laguntza hauek beste diru laguntzekin bateragarriak dira, beti ere gainfinantziaziorik ez bada.
 
Aurkeztu behar diren agiriak ondoko hauek dira:
 

-  Eskabidea (beste diru-laguntzen aitorpenarekin).

-  Nortasun agiriaren fotokopia.

-  Matrikularen ordainagiria.

-  Euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia...).

-  Egoera bereziak egiaztatzeko agiriak: langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena.