Yeregitarren erloju zaharberritua inauguratuko dute igandean

Baleike 2015ko ira. 18a, 12:35

Yeregitarrek egindako erloju ederra 1901etik 1985 ingurura arte egon zen Artadiko San Migelen. Baselizatik kendu zutenetik, urteak egin ditu geldirik parolbidean, familiako bi etxeen arteko lorategian. Duela bizpahiru urte ekin zioten zaharberritzeari eta igandean egingo dute inaugurazio ekitaldia. Udalak aukera baliatu nahi du herriko industriagile eta ekintzaleei errekonozimendua eskaintzeko, eta ekitaldian izango dira Udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariak.

Bihotz zaharra makalduta, 1980ko hamarkadaren erdialdean (1984-1985 urteen artean) utzi zion Artadin ordua emateari. 1988.urtean, Muruak (Gasteiz) egindako erloju berria jarri zen eta yeregitarrena baselizako dorrean gelditu zen, gordeta. 2000. urtean Artadiko apaizak erloju zaharra handik kendu eta txatartegira eramateko asmoa azaldu zuela jakin zuten yeregitarrek. "Aitonak egindako erlojua zela azaldu zioten apaizari Iñaki eta Sabin Yeregi osabek, eta inora bota gabe gordetzea nahi zutela eta jaso egin zuten handik", azaldu du Xabier Alvarez Yeregik, Yeregi elkarteko kideak. Yeregitarren etxeko lorategian muntatu eta pintatu egin zuten, ez erdoiltzeko.

"Duela pare bat urte, ordea, erlojuaren egoera gero eta kaxkarragoa zela ikusita, elkartea sortu eta erlojuari konpontzeari ekin genion”, dio Alvarezek. Ibilbide horretan Zumaiako Udala izan dute bidelagun, hasieratik bultzatu eta diruz lagundu baitu proiektua. Igandeko omenaldia aprobetxatu nahi du Zumaiako Udalak herriko industriaren, eta batez ere, industrian ekintzaile izan diren horien lana errekonozitu eta balorean jartzeko. 

Xabierrek eta bere osaba Sabinek mimoz baina gogor egin dute lan. Desmontatu, garbitu, pintatu eta zaharberritzen pasatu dituzte orduak eta orduak. "Lanean hasi ginenean geure buruari hitz eman genion zaharberritze ez-inbaditzailea egingo genuela. Hau da, ahal genituen pieza zahar gehienak mantenduko genituela, eta berriren bat behar bazen erreplika egiteaz gain, zaharra gorde eta zergatik aldatu dugun ere idatziz jasota utziko genuela”, azaltzen du. Hala, adibidez, erlojuaren bihotzaren erreplika egin eta zaharra gorde dute: "Ancora da erlojuaren bihotza; erabat zahartuta eta gastatuta zuen, eta berria egin diogu". Lan berezia izan da oso Alvarezentzat bere familiaren historia baita erloju hori. Baina emaitzarekin izugarri gustura dago eta egindako lan guztiak pena merezi izan duela erantzuten du, dudarik ere egin gabe. 

Baina berrikuntza batzuk ere ez datoz gaizki, tarteka. Erlojua orain dela 114 urte bezalaxe dago. Hala ere, gaur egun 5-6 orduro kuerda ematea beharko luke bestelako mekanismorik gabe. Belgikan ezagututako sistema bat ezarri diote erloju zaharrari eta horrela ez du behar inoren beharrik funtzionatzeko. Hala ere, edozein momentutan sistema gelditu eta kuerda emanda ibiltzeko aukera du.  

Erlojugile familia

Yeregitarren familian segundoak, minutuak eta orduak kateatzen diren bezala kateatu izan dira erlojuen mundura. 5 belaunalditan ari dira erlojuei bizia emanez. Igandean  Leitza, Betelu, Usurbilgo Agiña,  Zumaia eta Donostian jaiotako yegeritarrei egingo zaie omenaldia. Honakoak izango dituzte gogoan: 

1- Jose Francisco  Yeregui  Zabaleta. 1760-1834
2- Juan Manuel  Yeregui  Canflanca. 1795-1848.
3- Juan Jose Yeregui  Olano. 1819-1887.
4- Bonifacio Yeregui  Yeregui.1850-1911.
5- Andres Yeregui  Eraso. 1884-1975.
6- Benito Yeregui  Goldaracena. 1843-1912.
7- Serapio Yeregui  Goldaracena. 1859-1926.

Gradu bukaerako azterketa gaia

Duela hilabete batzuk, Xabi Castells Garmendia EHUko ingenieritza ikasleak yeregitarren erloju zaharraren inguruko gradu amaierako lana egiteari ekin zion. Lan horretan, erlojuaren kalkulo matematiko guztiak bildu ditu. Lan handiaz gain, bikaina egin duela iritzi diote aztertzaileek. Horrela adierazten du jarri dioten notak behintzat.