“Mugimendu feminista ez da hain gatazkatsua izan Euskal Herrian”

Baleike 2015ko ira. 18a, 11:21

Urriaren 1ean iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa Zumaiara. Egun hori iritsi bitartean, herriko eragile feministek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Lehenengoa atzo izan zen Alondegian. Bertan, Edurne Epeldek eta Miren Arangurenek Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburuaren aurkezpena egin zuten.

Gure genealogia feministak Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat da. Trantsizio garaitik hasi eta gaur egun arteko ibilbidea aztertu dute. "Feministek, gaur egun bizi garen egoeraraino, egin duten ibilbidearen aitortza bat da liburua" aipatu zuen Epeldek. Bilduma honetan emakume taldeak, asanbladak, kaleko borrokak… aztertu dituzte baina batez ere emakume bakoitzaren genealogietara egin dute jauzi.

Guztira 10 urtez egon dira gai hau aztertzen. "Uste baino konplikatuagoa izan da, eta material dezenterekin aurkitu gara. Hala, artxibo handi bat ere osatu dugu argazkiekin, afixekin…" kontatu zuten. Liburua, irakurtzeko baino, kontsultak egiteko dago pentsatuta eta crowfunding kanpaina bati esker argitaratu dute.

"Mugimendu feminista, batez ere, gazteleraz garatu zen, baina guk hasieratik euskarazko liburu bat egitea pentsatu genuen. Pentsamendu feminista euskaraz garatzea da gure helburuetako bat” esan zuen Epeldek. Liburua bost ataletan dago banatua: 60-70. hamarkadak aztertzen duen atala, 80. hamarkada, 90. hamarkada, XXI. mendea, eta azkenik, sei borroka esanguratsuren inguruan hitz egiten duen atala. “Sei borroka horiek abortoa, indarkeria sexista, lesbianismoa, lan mundua, martxoak 8 eta feministak plazara deitzen den bat dira" esan zuen Arangurenek.

"Mugimendu feminista ez da hain gatazkatsua izan Euskal Herrian, eta herriko beste mugimenduekin batera jardun du elkarlanean" aipatu zuen Arangurenek. 40 bat urteko ibilbidea jorratu dute idazleek eta urte guzti hauetan feminismoak izan dituen ezaugarri nagusiak hauek izan dira: bizia, sortzailea, desobedientzia ardatz borroka molde berrien aldekoa, kuestionatua eta kuestionatzailea eta politikoa.