Telmo Irureta: "Denok dugu zerbait besteari eskaintzeko"

Baleike 2015ko ira. 18a, 07:00

Jendartean bidaide izeneko antzezlanean hartuko du parte gaur aktore gazteak, Usurbilen. Inklusioaren gaia jorratuko da obra honetan eta amaieran solasaldia izango da.

Donostiako antzerki eskolan ikasketak amaitu zituen maiatzean, eta hau izango da, eskolatik kanpo, Telmo Iruretaren lehenengo esperientzia taula gainean.

Nola definituko zenuke antzerki obra hau?
Jende ezberdinez osatutako talde batek sortuko duen lan baten prestaketa da. Gizartearen isla. Ez dago pertsonaiarik. Bakoitzak bere papera interpretatzen du, eta ni Telmo naiz obran ere. Hala eta guztiz, gidoi bat dugu eta gidoi hori Alex Tellok idatzi du. Antzezlanaren zuzendaria ere bera da.

Antzerkiaren gaia antzerki lan bat sortzeko prozesua ikustea da.
Bai. Lan baten entsegua da, edo hobeto esanda, entseguen aurretik egin beharreko lana. Ondorioz, antzezlan bat prestatzen ari den aktore talde batek dituen zalantzak agertzen dira: Zer egingo dugu hemen? Publikoak ulertuko du hau? Eta abesti hau kantatzen badugu? Horrelako galderak formulatuko ditugu. Gure artean hitz egiten dugu, proposamenak agertuko dira, ideiak… Antzerkia, antzerkiaren barruan kontzeptua da.
Azken finean gure obra baten ideiaren garapena da, amaieran publikoari aurkeztuko diogun lan bat. Azken lan hori, koreografia edo dantza antzeko bat izango da. Egunero gattunk artistak da antzerki obran zehar prestatzen ari garen ikuskizunaren izena, urrian Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdiaren esloganari erreferentzia eginez.

Jendartean bidaide. Zergatik izenburu hori?
Denok egiten dugu bizitzan aurre egiteko bide bat. Eta bide hori jende ezberdinekin batera egiten dugu. Antzerkia inklusioaren gaiarekin dago lotuta. Denok gara ezberdinak, baina denok aportatzen dugu zerbait. Hau ez zen berdina izango zu gabe, edo ni gabe. Bakoitzak bere funtzioa dauka bizitzan. Hori da antzerkiaren mezua. Gure taldean ere denok ezberdinak gara. Adin ezberdineko pertsonak gaude, emakume nahiz gizonezko, ezintasuren bat duen jendea eta ez duena... Ezberdinak gara, baina elkarrekin eta publiko batentzat lan bat ateratzeko gai izango gara.

Zein da zuen helburua?
Ikusleari pentsaraztea hausnartu dezan. Alegia, jakitea denok dugula zerbait besteari eskaintzeko. Antzokitik ateratzen direnean ez dakit zer pentsatuko duten, baina antzerkiak irauten duen minutuetan behintzat hortaz konturatzea nahi dugu.

Gidoia bat duzuela aipatu duzu. Baina bakoitza den bezalakoa agertzen da obran. Nola osatu duzue orduan gidoia?
Ez dut uste eszenatokian gure egunerokotasunean bezala azaltzen garenik. Beno, bai, baina ez guztiz. Lehen aipatu bezala, Alexek asmatu du gidoia. Hala ere, hasieratik bere ideia aurkeztu zigun eta idatzitakoa erakutsi. Horrela esaldiren bat ez bazitzaigun gehiegi gustatzen, ez genuelako hori modu horretan esango, aldatzeko aukera izan genuen. Azkenean gidoiak gure ukitu pertsonalak ere baditu, eta hori ere gustatu zaio zuzendariari. Beraz gidoia pixka bat moldatu dugu denon artean.

Zaila da zure burua interpretatzea?
Ez. Komodoagoa da, eta eroso nago. Baina erraza da talde honetan eroso sentitzea. Oso jende ona dago hemen eta hauekin lan egiteak poza ematen dit. Aktore guztiok dugu pisua obran, baina Xanti Agirrezabala eta biok gara testu gehien dugunak. Pertsonaia kontrajarriak gara. Bereak guztia negatiboki ikusten du, zalantzak ditu, ez daki prestatzen ari garenak funtzionatuko duen, ez du konfiantza handirik ezerengan… Eta nirea kontrakoa da. Dena positibo ikusten du, eta laguna animatzen saiatuko da.

Antzerkiak mezu positiboa helarazi nahi du orduan.
Bai, erabat, eta mezu positiboa helarazteaz gain, emozioekin jolastu nahi dugu. Badirudi, ni aulkian nagoelako, eta gauza batzuetarako Xanti baino mugatuagoa beraz, berak animatu beharko nauela, eta ez alderantziz. Baina obra honetan Xanti da triste dagoena. Kontraste horrekin nahi dugu jolastu. Bizitza honetan lortzen den guztia bakoitzak dituen gogoen araberakoa da, eta hori da behar duguna.

Antzerki obra zeinu hizkuntzara itzulita egongo da. 
Hala da. Inklusioaren gaia jorratzen dugunez, antzerki obra zeinu hizkuntzan itzulita egongo da momentu oro. Bi emakume egongo dira lan horretan: Jugatx Agirre eta Ainhoa Moiua. Horretaz gain, eta aktore printzipalez aparte, amaieran beste pertsona batzuk igoko dira taulara, gurekin batera. Horietako bat gorra da eta berak ere zeinu hizkuntza erabiliko du Jugatx eta Ainhoak bezala.