Taosa taldeko igerilariek ez dute atsedena hartzeko asmorik

Baleike 2015ko ira. 16a, 12:15

Uda garaia amaitzear bada ere, Taosa igeriketa taldeko kideek ez dute atsedenik hartzeko asmorik. Zenbait taldekide bi itsas zeharkalditan izan dira lehiakide, Bermeon eta Donostian.

Irailaren 5ean Juango Osa eta Xabier Albizuk Bermeon izan ziren bertako Salome Campos zeharkaldian parte hartzen. Partehartzaileek Bermeotik irten eta  Izaro irlara joan eta etorri egin behar izan zuten 5.000 metroko luzera gaindituz. Forma eta sasoi ederra erakutsi zuten Juanjok eta Xabierrek eta biek elkarrekin amaitu zuten ordu bat eta 35 minutuan uretan jardun eta gero. 138. eta 139. postuetan amaitu zuten proba.

Tartean itsasoak jeta marmokek ipiniriko zailtasunei aurre egin behar izan zieten igerilariek; Xabierri irten eta berehala lepoan sastada eman zion hauetako batek eta saio horrela egin behar izan zuen.

Donostiako Badia

Irailaren 12an, berriz, Donostiako badiako igerialdiaren 72. edizioa izan zen eta bertan hainbat zumaiar izan ziren. Probak 2.200 metro zituen eta irteerak hainbat zailtasun zekartzan bertan ainguratuta zeuden txalupengatik. Zailtasun guztiei aurre eginda, guztiek bikain bukatu zuten zeharkaldia. Urtean zehar egin duten lana agerian geratu da beste behin ere eta guztiek denbora bikainak egin dituzte.

Hemen dituzue Zumaiako igerilariek lortutako postuak eta denborak:

20. Antxon Alberdi: 27:27

366. Jon Argoitia: 39:55

385. Deñe Izaga: 40:21

386. Itxaso Agirrezabalaga: 40:22

388. Larraitz Osa: 40:22

389. Joseba Etxabe: 40:24

491. Javier Gomez: 43:18

Badiako zeharkaldi hau izan da Gipuzkoako zeharkaldien ligako azken proba. Ligan puntuatu ahal izateko bost probatatik lautan hartu behar da parte eta norbere txipa izan behar du.

Antxon Alberdi izan da lau probak burutu dituen Zumaiako igerilari bakarra eta sailkapen orokorrean 13. postua lortu du. Xabier Ulaziak, hiru probekin, 86. postuan amaitu du. Juan de Dios Lopezek, Juanjo Osak eta Olatz Villanuevak bina proba egin dituzte eta 221., 252. eta 303. postuetan amaitu dute. Beste zazpi igerilarik proba bakarra burutu dute. 

26an, Flysch beltza

Udazkenarekin urak ere hoztuko dira, baina igerilariek ez dute bere jarduera uzteko asmorik. Hala, irailaren 26an Flysch Beltza izena duen zeharkaldia egingo da bi luzeratan. Alde batetik Mutrikun hasi eta Deban buka daiteken 3.000 metroko proba dago eta bestetik Saturraranen hasi eta Deban bukatuko den 6.500 metrokoa.