Ibone Sanchezek eta Jon Unanuek irabazi dute Zumaiako Triatloia

Baleike 2015ko ira. 12a, 19:23

Jon Unanuek (56:37), Pello Osorok (57:02) eta Andres Cabascangok (57:08) osatu dute gizonezkoen podiuma; emakumeen lasterketako lehen hiru postuak Ibone Sanchez (1:04:13), Usoa Ostolaza (1:06:47) eta Mireia Arrillagarentzat (1:08:05) izan dira.

Kirol ikuskizun ederra eskaini dute aurten ere triatloilariek. Antolatzaileek euriaren kezka bazuten ere, azkenean ateri eutsi dio eta lehiatzeko giro aproposa egin du arratsalde osoan. 17:00etan hasi da proba nagusia, esprint distantziakoa. Emakumeak abiatu dira aurrena Arranplatik, eta ordu laurden beranduago gizonak. Guztira 380 triatloilari, dena emateko prest.

Uretan osatu beharreko 750 metroak erabakigarriak izan dira azken emaitzan. Jon Unanuek eta Ibone Sanchezek hortxe egin dute tartea, eta gero bizikletan eta saltaka eusteko gai izan dira. Ibone Sanchezen kasuan, nagusi izan da hasieratik amaierara. Hala ere, azpimarratzekoa da Usoa Ostolazaren bigarren postua. Kadete mailakoa izanik, sekulako maila erakutsi du zarauztarrak.

Jon Unanuek lan gehiago egin behar izan du, eta lasterkako bost kilometroko saioan utzi du atzean Pello Osoro. Zumaiarrei dagokienez, Mariano Sanchez izan da onena; Zumaiako Triatloiko Taldeko kideen artean, berriz, Alex Miranda izan da azkarrena.

Proba nagusiaren aurretik, triatloi herrikoia jokatu da –350 metro igeri, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 km korrika–. Guztira 160 parte-hartzaile eta goraipatu behar da denak izan direla amaitzeko gai. Josema (34:54) eta Unai Huici (35:50) anaiak izan dira lehen bi sailkatuak gizonen artean, Andres Urrutibeaskoaren (36:12) aurretik. Alex Odriozola (36:39) zumaiarra laugarren iritsi da helmugara. Emakumeen lasterketan Miren Josune Bikuñak (40:46) irabazi du, Maddi Etxeberria (41:27) eta Sandra Abeciaren (42:09) aurretik. Lehen zumaiarra Mireia Osa (45:10) izan da, seigarren postuan.

Berrikuntza modura, eguerdian haurrentzako I. Duatloia antolatu du aurten Zumaiako Triatloi Taldeak. Alebin eta benjamin mailetako 50 bat haurrek hartu dute parte, korrika eta bizikletaz egin beharreko lasterketan.