Irati Osa eta Ainhoa Hidalgo bederatzigarren sailkatu dira Munduko Txapelketan

Baleike 2015ko ira. 12a, 14:57

Jubenil mailako K-2an estropada jokatu da gaur goizean Gyorren (Hungaria) egiten ari diren maratoiko Munduko txapelketan baitan. Irati Osa zumaiarrak eta Barrikako Ainhoa Hidalgok osatutako ontzia bederatzigarren sailkatu da. Egindako lanarekin "gustura" daudela esan digu Iratik. 

Itxas-Gaineko piraguistak azaldu digunez, baldintzak ez ziren beraientzako oso onak. "Ibaiak oso ur gutxi zuen. Hondoa ere ikusten zen leku batzuetan eta oso, oso gogorra egin zaigu proba". Horrez gain, eskumuturreko minekin hartu du parte Iratik. "Tendinitisarekin etorri naiz. Selekzioko sendagilea eskumuturrean masajeak eman dizkit egun hauetan eta baita pastilla batzuk ere". 

Irteerako lekuak erabakitzeko zozketan ere zortea ez dute alde izan. "Lehen kalea tokatu zaigu eta korronte handiak zituen. Irteera txarra egin dugu, ez kaleagatik bakarrik, baina, 500 bat metrorako 6., 7. eta 8. postuan zeuden ontziak harrapatu ditugu. Erritmo aldetik oso ondo joan gara".

Lehorreko lehen eramatean geratu behar izan dute ontzi barrura sartutako ura ateratzeko. "Olatuan gindoazen eta besteen ura gure piraguan sartzen zen. Hainbeste ur sartzen zen xukaderak ezin zuela ur dena atera. Hor denbora pixka bat galdu dugu". Aldea berehala jan dute, baina hurrengo eramatean berriro gelditu behar izan dute. "Denok batera sartu gara eta aldamenean zihoan bikote bat istripu txiki bat izan du eta, ondorioz, berriro urez bete zaigu piragua. Berriro geratu behar izan dugu ura ateratzeko. Hor ihes egin digute aurkariek eta, gainera, ordurako eskumuturreko minarekin nengoen". 

Atzetik aurrera egin duen Italiako ontzi batekin bat egin dute eta, olatuan, aurrean zeuden ontziak harrapatu dituzte. Amaitzeko falta zen itzuli txikian ezin izan dute gehiago eta aurkariek ihes egin diete. Bederatzigarren postuan zeharkatu dute helmuga, 1:27:40 denborarekin, mundiala irabazi duen Hungariako ontziarekiko 7 minutura. 

Hungariako selekzioko ontziak gainditzea ezinezkoa zela esan du Iratik. "Irteeran aldamenean genituen eta gorpuzkera aldetik seniorrak ziruditen. K-1eko eta K-2ko lehen biak hungariarrak ziren. Haien kontra ezin zen ezer egin". 

Egindako lanarekin "oso gustura" dago Iratin. Europako txapelketan baino hobeto ibili gara; zuzen-zuzen egin dugu estropada".

Mutilak bihar

Unai Gereka eta imanol Barruetabeñaren txanda izango da bihar, goizeko 9:00etatik aurrera. Espainiako eta Europako txapeldunak, denboraldia modurik onenean amaitzea dute gazteek helburua. Gogoratu proba hau zuzenean jarraitzeko aukera izango dela bideo bidez baleike.eus web gunean.