Zumaiako gidarik osoena egingo du Baleikek

Baleike 2015ko ira. 8a, 17:02

Herriko merkataritza, ostalaritza, negozio txiki, enpresa, elkarte eta erakunde publikoen gida berria lantzen hasiko da Baleike irailean. Gainera, eduki osagarriak izango ditu (mareen taulak, farmazien txandak...) eta hiru euskarritan argitaratuko da: webgunean, paperean eta mugikorretarako bertsioan.

Zumaiarrentzat gidarik onena egitea, hori da Baleikek bere buruari jarritako erronka. Herriko merkataritza gida da produktu berriaren bizkarrezurra, baina hori baino gehiago izango da. “Azken finean, zumaiarren eta kanpotik datozen bisitarien intereseko izan daitezkeen denda, negozio, elkarte, talde edo erakunde guztiak bilduko dituen gida egitea da helburua; Zumaia osoa sartu nahi dugu gidan”, azaldu du Baleikeko zuzendari Gorka Zabaletak. Eta hori guztia informazio praktikoarekin osatuko da: 2016ko mareen taula, farmazien txandak, hondakinen bilketari buruzko informazio praktikoa, garraio publikoa... “Urte osoan erabiltzeko moduko produktu bat egin nahi dugu, negozioen zerrenda hutsa baino gehiago izango dena”.

Edukiekin batera, euskarrietan dator berrikuntzarik handiena. Gidak paperezko bertsioa izango du eta herriko etxe guztietara banatuko da, debalde. Baina horrekin batera, Interneten ere argitaratuko da. “baleike.eus webguneak sekulako indarra hartu du azken urteotan –mila bisitatik gora egunean–, dagoeneko herritarren erreferentzia nagusia da egunero herrian gertatzen denaz informatzeko. Erakusleiho bikain hori gure herriko merkatariei eskaintzeko formularen bila ibili gara azken urteotan, eta azkenean aurkitu dugu”.

Tokikomek garatutako plataforma digitalak dakarren tresna berritzailea da gida digitala, hain zuzen ere. “Gida digital honek ematen ditu iragarleek eta erabiltzaileek behar dituzten aukera guztiak. Negozio edo erakunde bakoitzak bere oinarrizko informazioa argitara dezake, argazkiak, mapa batean geolokalizatuta egongo da, negozioari buruzko bideoak integra daitezke, webgune propioak sortzeko aukera dago... Eta hori guztia ondo antolatuta, modu oso erabilgarrian, eta baleike.eus-eko erakusleihoan presentzia handiarekin”.

Mugikorrerako bertsioa

Gida digitalak, gainera, mugikorretara egokitutako bertsioa izango du. “Bertatik telefono zenbakira deitzeko aukera emango du eta, geolokalizazioari esker, lekura nora iritsi ere azalduko du”. Beraz, gida bakarrarekin gaur egun beharrezkoak diren hiru bertsioak izango ditugu: papera, Internet eta mugikorrak.

Irailean hasiko da salmenta kanpaina, negozioz negozio, elkartez elkarte, enpresaz enpresa. Gorka Zabaleta eta Baleikeko arduradun komertzial Agustin Zubimendi arduratuko dira lanaz. Baina ez dira bakarrik egongo. Baleikek hitzarmena egin du Goienarekin –Debagoieneko hedabide nagusia–, haien esperientziaren eta baliabideen eskutik gidak arrakasta izango duela ziurtatzeko –ikus Goienaren gida, adibidetzat–. “Goienak esperientzia handia du, urteak daramatzate gidak egiten, paperean zein Interneten. Baliabide teknikoak ere garatuta dauzkate, beharrezkoa den jakintza guztia daukate. Lasaitasun handia ematen du haien babesean lan egiteak”, adierazi du Zabaletak.

Gidan agertzeko

Irailetik aurrera Baleike atez ate ibiliko da, gida berriaren ezaugarriak azaltzen eta produktuan agertzeko aukera eskaintzen. Dena den, interesa duen edonor jar daiteke zuzenean harremanetan, bide hauek erabilita: gida@baleike.eus helbide elektronikoa; telefonoz, Gorka Zabaleta (696 872 527) eta Agustin Zubimendi (688 678 128). Tarifei dagokienez, 90 euroren truke gidaren hiru euskarrietan agertuko da interesduna, urte osoan. Horrez gain, aukera dago paperean iragarki handiagoak kontratatzeko, eta digitalean ere aparteko zerbitzuak eskainiko dira (bideoa, webgune propioa...).