Jumping eta crossfitting jarduerak izango dira berrikuntza nagusiak Lubakiko neguko eskaintzan

Baleike 2015ko ira. 3a, 14:13

Astelehen honetan, irailaren 7an, zabalduko da Lubaki kiroldegian neguko kirol jardueretarako izen-ematea. Goizeko 7:00etatik aurrera eman ahal izango dira izenak Lubaki bertara joanda. Irailaren 28tik Gabonetara bitartean emango hiru hileko eskaintza hau eta jumping eta crossfitting jarduerak izango ditu berrikuntza nagusiak. 

Aurreko urteetako eskaintza mantenduko da, baina Kirol Patronatuko gerente Antxon Alberdik azaldu duen bezala, beti saiatzen dira berrikuntzak sartzen. Hala, dagoeneko ohikoak diren jarduerak (cycling, aerobic, gap edota pilates lehorrean, eta aquagym edota adin guztietarako igeriketa) mantenduko dira. Beste batzuk, azken urteetan arrakasta handia izan duen zumbaren kasu, indartu egingo dira. "Iaz jende dezente kanpoan geratu zen eta aurten ere hala gertatu daitekeela aurreikusten dugu. Astelehen, asteazken eta, saio gehiago nahi izanez gero, ostiraletakoak mantenduko ditugu, eta ikusten bada jendea kanpoan geratu dela, astearte eta ostegunetan ere izango dira saioak".

Hiru hilabeteko berrikuntza handiena jumping eta crossfitting jardueren eskaintza izango da. Tranpolin txiki baten gaineran egiten den jarduera koreografikoa da jumping (goiko bideoan ikusi dezakezue). Adinen arabera saio desberdinak izango dira: 16 urte artekoentzat eta adin horretatik aurrerakoentzat. 

Crossfit etengabe aldatzen diren eta intentsitate handian egiten diren mugimendu funtzionaletan oinarritutako egokitzapen fisikoko programa da. "Azken urteetan aldaketa bat izan du eta gero eta lehiakorragoa bihurtu da. Mugimendu alterofilikoak erabiltzen dituzte. Hemen ez dugu hala egingo; naturan edo dagoeneko gimnasioetan dauden elementuak erabiliko ditugu entrenatzeko. Helburua ez da gorputza handitzea, alterofilian gertatzen den bezala, baizik eta edozein kirol egiteko prestatzea", azaldu du Antxon Alberdik. 

16 elkarte eta zerbait gehiago

Postontzietan banatuko diren eskuorrietan Zumaian dagoeneko martxan dauden kirol elkarteen zerrenda, harremanetarako helbideak eta arduradunaren izen-abizenak agertzen dira. "16 elkarte daude Zumaian eta norbaitek haiekin harremanetan jarri nahi badu aukera hori ematen da".

Elkarte hauez gain, kirola egiteko aukera ematen duten beste hiru talde daudela azpimarratu du gerenteak: "Saltaka, Taosa eta patin taldea. Hauek elkarte bezala erabat osatu gabe daude". Saltaka taldeak korrika egiteko aukera ematen die haurrei hasiera batean eta orain helduei ere bai. "Umeek astean bitan izaten dituzte saioak, astelehen eta asteazkenetan, eta astearte eta ostegunetan. Bietan ere arduradun batekin korrika egiteko aukera izaten dute eta baita eskola kirolean parte hartzekoa ere". Helduekin ere hasi da orain lanean. "Hauek astearte eta ostegunetan izango dute aukera, arduradun batekin, lagun artean saltaka egiteko". 

Taosa igeriketa taldeko kideak ostiraletan izaten dituzte entrenamenduak Lubakiko igerilekuan, beti ere entrenatzaile batekin. "Kuota bat ordainduta, entrenamenduak eta saio teknikoak edukitzeko aukera izaten da". Errendimendu handiena lortu nahi duten igerilariei zuzendutako jarduera da hau. 

Patin taldeak astelehenetan izaten dituzte saioak Herri Eskolako gimnasioan. Patinetan ibili nahi duten pertsonei zabalik dagoen ekimena da. "Hauek ere probetan hartzen dute parte. Taldeak duen abantaila da babespean egiten direla entrenamenduak"

Hiru ekimen hauetan parte hartu nahi duen orok Lubaki kiroldegira joan beharko du (943862021).

Akatsak eskuorrian

Etxeetan banatu diren eskuorrietan akatsak daudela eman du jakitera Alberdik. Hala, uretako jardueren prezioetan, 58,05€ eta 174,40€ jartzen duenean, prezio zuzenak 59,15€ eta 177,70€ dira, eta 39,30€ eta 101,65€ jartzen duenean, zuzena 33€ eta 85,30€ da. 

Helduen igeriketako ordutegian ere beste zenbait akats dauden. Ordutegi zuzenak hauek dira:

Hobekuntzan: 19:15 eta 20:30.

Entrenamenduan: 20:30 eta 21:30.

Hastapenan: 19:45 eta 20:30.

Erdi mailan: 20:30 eta 21:15.