Iñigo Peña: "Lortu dudanaz orain ari naiz jabetzen"

Baleike 2015ko abu. 25a, 22:27

Txapeldun handi bati harrera egin zaio gaur iluntzean Kofradian. Astelehen gauean heldu zen Zumaiara asteburuan, Milanen, Munduko piraguismo txapelketan seigarren geratu eta 2016ko Rioko Joko Olinpikoetarako sailkapena lortu ondoren. Behin Zumaian, herritarren ongietorri beroa jaso du.

Txistulariak buru zirela, eta lagunez inguratuta, Itsas kiroldegia eta Kofradia arteko bidea egin du Iñigok. Behin Kofradiako plazan, aurreskua dantzatu da bere ohorez eta ondoren Oier Korta alkateak, Jon Iraola zinegotziak eta Kepa Etxabe Itxas-Gaineko presidenteak harrera egin diote Kofradian. 

Balkoira aterata eta bertaratutakoen txaloak jaso ondoren, Arritxu Iribar kazetariak egindako galderak erantzun ditu. Gogorra, oso gogorra izan dela onartu du Peñak eta finalaren bezperan ia lorik ere ez zuela egin urduritasunagatik. Eskerrak luzatu zizkien bere familiari, klubeko kideei eta, oro har, herritarrei. 

Behin kalean, lorpena oraindik erabat bereganatu gabe zuela onartu zuen eta orain hasi dela egindakoaz disfrutatzen. 

Iraileko Baleike aldizkarian Iñigo Peñari egindako elkarrizketa irakurri ahal izango da.