Musika eta dantza: musikalen mundu koloretsuetarako bidaia

Baleike 2015ko uzt. 17a, 08:21

Astindu dantza taldeak eta Zumaiako Udal Musika Bandak elkarlanean Show musikala izeneko kale ikuskizuna eskainiko dute bihar: kalejira izango da 22:00etan eta ikusizuna Odietan 22:30ean.

Jendea edozein momentutan kantuan edo dantzan hasten den mundu irreal baterako bidaia eskaintzen dute musikalek. Une batean kanta  edo sinfonia bat entzuten da eta protagonistak (eta inguruan dauden pertsona guztiak) ezinezkoa dirudien koreografia batean murgiltzen dira, ikuslearen harridura sortuz. Hori da musikal baten magia, eta magia horren izpiak ikusteko aukera izango da bihar, larunbata, Astindu dantza taldeak eta Udal Musika Bandak elkarlanean eskainiko duten Show Musikalean. 

Aurrez ere musikalen mundua ukitu du Astinduk uda garaian kalean egiten dituen ikuskizunetan. Horren adibide dira Broadwayen inguruan muntatutako bi saioak. Bigarrenean antzerkia ere ikuskizunaren parte izan zela du gogoan Jone Osak, Astinduko kideak eta bihar jarraitu ahal izango den ikuskizuneko arduradunak. «West Side Story, Mary Poppins, Grease, Mamma Mia, Moulin Rouge edota Sister Act musikaletan oinarritutako koreografiak dantzatuko ditugu. Beste lan batzuk ere buruan nituen, baina Mikelekin hitz eginda [Emezabal, Bandako zuzendaria], hauetara mugatu gara», azaldu digu dantzariak.

Aurreko ikuskizunekin alderatuta, berrikuntza nagusia Bandaren parte-hartzea izango da: zuzenean jotako musikaren gainean egingo dute dantza Astinduko kideek. Talde bakoitza bere aldetik aritu da entseatzen eta aste honetan bertan elkartu dira azken prestatze saioetarako. 40 bat musikari eta 30 dantzari inguru elkartiko dira, «Astinduko kideak gehienak, baina ikuskizun honetarako espresuki etorri direnak ere badira», dio Jonek. 

22:00etan kalejira egingo dute Amaiako plazatik Odietara, «jendea erakartzeko», eta ikuskizuna 22:30ean hasiko da frontoian. Prest izan musikalaren mundu magikoan murgiltzeko.