'Anthropocene' dokumentala grabatzen hasi da Jennifer Baichwal Zumaian

Baleike 2015ko uzt. 10a, 12:09
Jennifer Baichwal zuzendaria Algorrin, azalpenak ematen. Bere atzean, Asier Hilario eta Stan Finney –gorriz–. Argazkia: Gorka Zabaleta

Gizakia Lurrari eragiten ari zaizkion aldaketek aro geologiko berri bat definituko ote duten argitu nahi du Baichwal zuzendari kanadiarrak dokumentalean, hainbat zientzialariri egindako elkarrizketatan oinarrituta. Atzo Itzurunen eta Algorri aritu ziren grabatzen. 

Martxan den klima aldaketan gizakiak zerikusi zuzena duela jadanik zientzialari gutxik jartzen dute zalantzan. Zalantzagarriago da, ordea, eragin horrek aro geologiko izendatzeko kategoria izango duen. "Horretarako ondorioak ikusi beharko genituzke erregistro geologikoan, haitzetan, sedimentuetan", azaldu du Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok. "Gainera, aro geologikoa bada, noiz hasi zen eta zerk eragin zuen ere definitu beharko da". Zientzialarien artean puri-purian dago eztabaida, eta hari horri heldu nahi izan dio Jennifer Baichwal dokumental zuzendari kanadiarrak. Anthropocene jarri dio izenburua; hain zuzen ere, aro geologiko berria izendatzeko proposatu den izena–antropozenoa, euskaraz– erabiliz.

Mercury films produkzio etxe ezagunarentzat ari da lanean Baichwal, eta Zumaia da grabaketak hasteko aukeratu duten lekua. "Zumaiara etorri dira, lehen elkarrizketatuak, Stanley Finney-k, hala eskatu zielako", dio Hilariok. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko presidentea da Finney kaliforniarra; hain zuzen ere, aro geologikoak definitzeaz arduratzen den erakundea. "Zumaian bi estratotipo –aroak markatzeko erabiltzen diren erreferentziazko lekuak– dauzkagu, eta horrez gain K/T eta Eozeno/Paleozeno mugak. Finney-k Zumaiara ekarri nahi zituen, hemen oso ondo ikusten delako nola definitzen diren aro geologikoak".

Antropozenoaren ebidentziak bilatzea da dokumentalaren helburua, eta horretarako munduko hainbat bazter bisitatuko dituzte. Zientzialari entzutetsuak elkarrizketatzeaz gain, irudi ikusgarriak ere grabatuko dituzte. "Baliabide handiak dauzkate eta indar handiko irudiak grabatuko dituzte. Adibidez, superpopulazioaren gaiaz hitz egiteko, Mexiko DFko irudiak hartuko dituzte helikopteroz", jarraitu du Hilariok esplikatzen. Zumaian drone batekin grabatu dituzte Algorri eta Itzurungo labarrak, eta 3D irudiak sortzen dituen kamera berezi bat ere erabili dute.

Dokumentala 2017 amaieran, 2018 hasieran egongo da ikusgai. Mundu mailan zeresana emango duela aurreikusten da, Baichwalek aurrez egindako hainbat lan ere oso entzutetsuak izan baitira. Zuzendari kanadiarrak hainbat sari lortu ditu bere lanekin: Emmy sarietan, Toronto eta Sundanceko festibaletan, besteak beste. Hemen ikus dezakezue 2014an Edward Burtynsky argazkilari ezagunarekin egin zuen Watermark dokumentalaren trailerra: