Flysch Trail 2015

Kortazar: "Lasterketak asko irabazi du zati berriarekin"

Baleike 2015ko uzt. 5a, 21:31
Oihana Kortazar Andutzeko aldapa igotzen; aurretik, Aitor Lopez Rekarte futbolari ohia. Argazkia: Peio Romatet

2012an irabazi zuen lasterketarekin alderatuta, aurtengoa askoz gehiago gustatu zaiola adierazi du Oihana Kortazarrek helmugan. "Lehen, nire gusturako, arinegia zen".

"Lehen mendiren bat botatzen nion faltan, ibilbidea oso polita bai, baina tontorren bat igo beharra falta zitzaion, mendi lasterketa izanik. Andutz eta Salsamendiko tontorrak sartuta, asko irabazi du lasterketak. Orain uste dut oso egokia dela. Falta zitzaion gogortasun puntu hori erantsi zaio. Eta hori nire ezaugarrietarako egokia da", azaldu digu Oihana Kortazarrek sari banaketaren zain zegoen bitartean.

Lasterketari "makal" samar ekin omen dio: "Beste lasterketa bat izan duen duela egun batzuk eta gorputzari gaur kostatu izan zaio bizkortzea. Lehen ordu erdian behar izan dut erritmo egokia hartzeko. Egia esan, gaur aurkari batzuk kale egin dute azkenean eta lasaiago joateko aukera ere izan dut. Saiatu naiz, hala ere, inguruan nituen gizonezkoen erritmoari eusten –14. iritsi da sailkapen nagusian–. Andutz igotzen hasi garenean hasi naiz hobeto sentitzen".

Maratoiarekin batera, maratoi erdia antolatzea ere oso egoki ikusten du Kortazarrak: "Mendi maratoia egitea ez dago edonoren esku. Uste dut jendeari aukera eman behar zaiola proba samurrago batekin, eta maratoi erdia oso egokia da kostaldetik dagoen ibilbide horrekin. Bi lasterketak mantentzearen alde egingo nuke".