Beteranoen traineru estropada jokatuko da larunbat arratsaldean

Baleike 2015ko eka. 19a, 14:42

Zumaiako III. beteranoen traineru estropada jokatuko da larunbatean, 17:30ean. Beteranoen ligarako puntuagarria izango den hitzordua da eta bertan ligan parte hartzen ari diren hamar ontziak izango dira, haien artean, Zumaiakoa.

Zumaiako estropadak bere hirugarren edizioa beteko du bihar. Lehen bi urtetan gonbidatu moduan hartu zuen parte Zumaian, baina aurtengoan ligako partaide bezala aterako da. Ligako laugarren estropada izango da Zumaiakoa. Aurreko hiru jardunalditan lehen lauen artean sailkatu da Zumaia eta herritarren aurrean jokatuko den estropada honetan ere onenen artean sailkatzeko itxaropenak ditu Xebas Leizak, beteranoen entrenatzaileak.

Larunbat arratsaldean honako hamar ontziak izango dira lanean: Lapurdiko Ibaialde, Kantabriako Pontejos, Bizkaiko Arkote, Zierbena, Getxo, Deustu eta Sestao, eta Gipuzkoatik Donostia, Zarautz eta Zumaia. "Indartsuen Arkote, Pontejos, Zierbena, Getxo eta gu gabiltza. Orain arte bizkaitarrak izan dira indartsuenak beteranoen liga honetan".

Estropadaren ondoren afari-merienda izango da, ABE ligan ohitura den bezala, Beheko Plazan.

Zumaiako beteranoen traineruan 2013ko udan eman zituen lehen arraunkadak. "Arraunean ibilitako jendea ginen eta beti esaten genuen polita izango zela beteranoen traineru bat ateratzea, aisialdi moduan". Esan eta egin. "Batzuk bildu ginen, deialdia egin genuen eta jendea pixkanaka etortzen hasi zen". Uda horretan bertan estreinatu ziren, Zumaiako I. estropadan. "Pare bat hilabeteetan entrenatu genuen eta estropada horretan atera ginen".

Traineru bat ere erosi zuten entrenatzeko eta estropadetan ateratzeko. Hasiera hartan beltz kolorekoa zen, baina aurten gorriz margotu dute. "Aitona Karlos izena du, Karlos Aperribai-ren omenez".

Gaur egun 23 lagunez osatutako taldea dute. Zumaiakoak gehienak, baina beste herrietako arraunlariak ere badadude. "Bitxiena da taldekideen erdia behintzak sekulan ez duela aurrez arraunean egin. Bada jendea arrauna betidanik gustatu zaiona, kirol hau beste aldetik ikusi izan duena, baina arraunean egiteko aukerarik izan ez duena". 

Aisialdia eta lehiakortasua nahitaez nahasten direla dio Leizak. "Lehiakortasun hori ez da beste ligetakoen adinakoa, baina sortzen da. Azken finean euskaldunok badugu joera hori; beti irabaztera ateratzen gara. Gero, klub bakoitzak erabakitzen du bere filosofia. Guk arraunlariak txandakatzen ditugu, beti ere oinarri bat mantenduta, denek izan dezaten estropadetan ateratzeko aukera".

Entrenamenduak ere uretan egiten ditugu. "Ez gara gimnasioan edo lasterka aritzen. Dena uretan egiten dugu, jendeak goza dezan. Ahal dugunean itsasora ateratzen gara, baina gaur bezala mugitua dagoenean, ibaian aritzen gara. Beste klub batzuk gimnasioko lanak egiten dituzte neguan, guk ez; horiek irabaztera irteten diren klubak dira".

Lau entrenamendu saio izaten dituzte astean, "denek izan dezaten entrenatzeko aukera. Lan kontuengatik edo beste gauza batzuengatik, saio denetara ezingo dute etorri. Batzuk hirutan etorriko dira, besteak bitan eta izango da behin bakarrik etortzeko aukera izango duena, baina hainbeste saio izanda, beti izango dute entrenatzeko aukera". 

Aurten ez dute neguan atsedenik hartu eta astero aritu dira entrenatzen, baita neguan ere. "Arraunean aritu ez den jende berri asko zegoen eta irakatsi behar zitzaien. Kuriosoa, ikasi ez duguna irakasten ari gara!", zioen Xebasek irribarre batekin.