Oier Korta da Zumaiako alkate berria

Maiatzak 24ko Udal Hauteskundeen ondoren sortutako udalbatza berria eratu da Plenoan eta ondoren Oier Korta izendatu dute Zumaiako alkate, EAJ-PNVren aldeko botoekin.

Goizeko 11:00etan egin da udalbatza berria eratzeko Plenoa eta egun handietan bezala, aretoa kolkoraino beteta izan da. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko alderdikide eta jarraitzaileek bete dute aretoa. Askok kanpotik jarraitu behar izan dute ekitaldia.

Aurreko legealdiekin alderatuta, prozedura luzeagoa jarraitu behar izan da aurten. Hasteko, adineko maila osatu da, zinegotzi zaharrenarekin eta gazteenarekin; EH Bilduko Alex Oliden eta Jone Mugerza, hain zuzen ere. Hautetsi bakoitzari kredentziala eskatu zaio eta ondoren Espainiako Konstituzioa sin egin edo hitz eman behar izan dute. EAJko zinegotziek "Legearen aginduz eta ezinbestean" formula erabili dute; EH Bildukoek, berriz, "Herri honek onartu gabeko legeak hala behartuta, hitz ematen dut" formularekin eman dute hitza.

Jarraian, alkate berria aukeratzeko bozketa egin da. Hiru zerrendaburuen (Oier Korta, Alex Oliden eta Arritxu Marañon) artean hautatu behar izan da alkatea, bozketa sekretoaren bidez. Oier Kortak sei aldeko boto jaso ditu, Alex Olidenek beste sei eta boto bat zurian jaso da. Bi hautagaietako inork ez du gehiengo absolutoa lortu, baina EAJ hauteskundeetan alderdi botatuena izan zenez hauteskundeetan, plenoak Oier Korta izandatu du alkate datozen lau urteetarako. 

Oso hunkituta, hitz batzuk luzatu dizkie alkate berriak bertaratu diren guztiei. "Egun berezia" dela onartu du, "bizitza aldatzen" diona. Hiru pertsona gogoratu ditu bere hitzetan, "amona, osaba Joxe Mari eta aitona Alberto, baloreak erakutsi dizkidatenak". Lau urteko konpromisoa agertu du Kortak. "Lan egingo dugu Zumaia on bat egiteko guztiontzat. Espero dut alderdi denek norabide berean joatea herri baketsu baten eta elkarbizitzaren alde. Herri honetan hainbat gertaera izan dira eta ea denon artean, iraganean izan direnak ahaztu gabe, gure seme-alabentzako etorkizun normal bat eskuratzen dugun".

Ondoren, EH Bilduko eta PSE-EEko zerrendaburuek hartu dute hitza. EH Bilduko Alex Olidenek zorionak eman dizkio Oierri eta eskerrak eman dizkie "gure aldeko hautua eta babesa" eman dizkieten herritarrei. Baita ere beste aukera batzuk hautatu dituztenei ere, "herriarentzako onena desio duten herritar guztiei. Euskal Herria Bilduk jarrera eraikitzaile eta irekiarekin, herritarrekin batera herri honen alde lan egiten jarraitu nahi du".

Arritxu Marañonek (PSE-EE) ere zorionak luzatu dizkio Kortari, "ezinbestekoa den bezala". German Gonzalez, Joxe Mari Korta eta terrorismoaren beste biktimak izan zituen gogoan. "Lehen aldia da udalbatza hau eratzen dela askatasunean". Alderdikideei eta herritarrei eskerrak luzatu dizkie eta alkate berriari Zumaiaren garapenaren eta behar handiena dutenen aldeko neurriak hartzea eskatu dio.

Plenoaren amaieran bertaratu diren familiartekoen, alderdikideen eta herritarren besarkadak eta agurrak jaso ditu Oier Kortak.

Alkate gaur izendatu badute ere, azken asteetan egunero joan omen da udaletxera eta "bilera mamitsu batzuk ere izan ditut dagoeneko".

 

Erlazionatuak

Oier Korta: "Programaren ildoak martxan jarri aurretik, Udalaren egoera zein den jakiteko auditoria bat egingo dugu"

Politika

Oier Korta izendatu dute gaur Zumaiako alkate datozen lau urteetarako. Izendatu eta berehala familiartekoen, lagunen eta, baita ere, besarkadak eta...