San Juan Egoitzako eta eguneko zentroko langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenean

Baleike 2015ko mai. 29a, 08:11

Maiatzaren hasieran hiru eguneko greba eta mobilizazioak egin zituzten San Juan Egoitzako langileek hitzarmen berriaren beharra aldarrikatuz. Hilabete honetan ez da aurrerapausorik izan eta San Juan Egoitzako eta Zumaiako eta Zarauzko eguneko zentrotako langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenetik aurrera. 

San Juan Egoitzan 40 langiletik gora egiten du lan; Zumaiako eguneko zentroan, berriz, zazpik. Enpresa hitzarmenak edota hitzarmen kolektiboak lortzeko patronalak erakutsitako negoziazio eza da greba hau deitzearen arrazoia. Zumaiari dagokionez, Otezurin heldu ziren akordio batera. Zentro hura Gerozerlan enpresaren esku dago. Baina Eulen enpresak kudeatzen dituen San Juan Egoitzan eta eguneko zentroan ez dira hitzarmena sinatzeko gai izan.

Maiatzeko grebaren harira ELA sindikatuak jakitera eman zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen kolektiboak berritu ahal izateko aurrekontua 11,5 milioi euro gehitzeko prest agertu da, eta sektore honen finantzazioa %90ean erakunde honek osatzen du. "Foru Aldundiak diru hori ordainduko dituenaren bermea eskatzen du Eulenek hitzarmena sinatzeko", azaldu zuten ostegun arratsaldean magnolio aurrean kontzentratutako langileek.