Bi dantza ikuskizun izango dira igandean

Baleike 2015ko mai. 22a, 14:58

Maiatza Dantzan ekimenaren barruan, bi dantza ikuskizuna izango dira igande arratsaldean: '21 dance street' eta dantza afrikarrak.

Aurten Maiatza Dantzan ekimenaren barruan prestatutako ikuskizunak bi asteburutan emango dira. Maiatzaren 24ko arratsaldean bi ikuskizun izango dira, Beheko Plazan: 18:30ean ’21 dance street’ izeneko saioa eskainiko dute Celine eta bere ikasleek. 19:30ean, berriz, Mendebaldeko Afrikako dantzen ikastaroa izango da, Nimba elkartearen eskutik. Marie Tourék gidatuko du saioa eta perkusioaren zuzeneko musika izango da. Ikastaro honetarako ez da aurrez izena eman beharrik izango.

Maiatzaren 29an, ostirala, beste ikuskizun sorta bat izango da. Dantza garaikidearen arratsaldea izango da Arranplan egingo dena, Alima dantza eskolaren laguntzarekin. 18:00etan, ‘Dantza sortzailea familian’ tailerra eskainiko du Arantza Iglesiasek. 3 urtetik gorako haurrei eta hauei familiei zuzenduta dago eta izena aurrez ematea gomendatzen da, astindu.zde@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Ordubete geroago, 19:00etan, ‘Nora egingo duzu korrika sinnerman’ izeneko ikuskizuna dantzatuko dute Arantza Iglesiasen ikasleek eta jarraian, Iglesias berak dantzatuko du ‘Beltza’ izeneko ikuskizuna.

Uztaileko ikuskizuna prestatzen

Astinduko kideak uztailean aurkeztuko duten kale ikuskizun berria prestatzen ari dira. Broadwayek famatu egin dituen musikaletako koreografiak dantzatuko dituzte Zumaiako Udal Musika Bandaren zuzeneko musikarekin. Hasteko, kalejiran joango dira dantzari eta musikariak Erriberan barrena plazaraino eta han, frontoiaren inguruan, dantzatuko dute ikuskizun hau.