Zumaiatik ere #Free7!

Zumaia Libre 2015ko mai. 18a, 19:39

Gaur goizean Ertzaintzak hiru zumaiar atxilotu ditu Gasteizko herri harresia-n, beste 20 bat lagunekin batera. Zumaia Librek ondorengo oharra kaleratu du Gasteizen gertatutakoaren harira:

Gaur goizean beste hiru gazte espetxera bidaliak izan dira seina urteko kartzela zigorra betetzera. Beraien “delitu” bakarra gazte antolakunde politiko bateko parte izatea omen da, eta hori frogatzeko froga bakarrak torturapean burutuako deklarazio polizialak dira.

“Europar demokrazia” deitzen dioten honetan, 2015ean oraindik jendea politika egiteagatik espetxeratzen da, eta tortura salaketak kertu ordez, torturapean lortutako ustezko frogak aintzat hartzen dira.

Europak zazpi aldiz zigortu du Espainiar estatua tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik. Hori ondotxo daki EAJk, baina gaurkoan beste behin nahiago izan du torturapean lortutako ustezko frogei zilegitasuna eman eta sententzia injustu hori betetzea, gazteak atxilotzeko Ertzaintza bidaliz eta espainiar polizia torturtzailearen esku utziz. Horrelako jarrerek torturaren inpunitatea mantentzeko balio dute.

Gaur Gasteizen irudi oso gogorrak ikusi ditugu. Desobedientzia zibil baketsua munduan zehar urte luzez erabilia izan den tresna da. Tresna baketsu horren aurrean, 60tik gora zauritu utzi ditu Ertzaintzak, besteak beste hiru gazte minutu luzez konorterik gabe utziz eta anbulantziei sarrera galaraziz. Jarrera hau ez da kasualitatea. Aurrez ondo prestatutako operatiboak dira hauek, eta jarrera hau erabiltzea aurrez erabakitzen den zebait da. Horregatik, erabaki horien atzean arduradun politikoak daudela azpimarratu nahi dugu, gaurko kasuan, Urkulluren EAJ. Hobe luke EAJk dioen moduan “pertsona helburu” hartzea eta euskal herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politikoak Madriletik datozen senentzia injustuen aurrean defendatzea, gaurkoa bezalako jokaera biolento eta kolaborazionistak edukitzea baino.

Auziperatutako hiru gazteez gain, gutxienez 20 lagun atxilou ditu Erzaintzak, horietatik hiru zumaiarrak. Desobedientzia zibil baketsua kriminalizatu nahi dute, injustiziak inpunitate osoz aurrera eramateko. Gurekin jai dute, kolorez erantzungo diogu polizia basatiaren beltzari, irudimenez biolentziari eta desibedientziaz lege injustuei. Justizia edo legea aukeratu behar bada, argi daukagu justizia dela gure aukera, eta lege injustuak ez betetzea izango da gure aukera.

EAJk bere jarrera aldatu behar du, ezin du euskal herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituen sententzia bat ontzan eta eman eta gainera heritarrak bortizki jipoitu. Horrela jarraitzea izango al da herritarron elkarbizitza hobetzeko duen ekarpena?

DESOBEDIENTZIAZ LIBRE BIZI
ATXILOTUAK ASKATU, #FREE7!