Pulpo Espainiako Txapelketan

Urrats handia egin du Pulpok Leoni irabazita

Baleike 2015ko mai. 7a, 00:08
Kauldi Odriozola gola bat ospatzen partidaren azken txanpan. Argazkia: Peio Romatet

Defentsako lan bikainean oinarrituko du gaur garaipena Pulpok Ademar Leonen aurka (23-19). Multzoko aurkari gogorrena zen teorian, eta orain garbiago dirudi finalaurrekoetarako bidea. Bigarren jardunaldian Melillaren aurka jokatuko du (osteguna, 20:00etan).

Sei gol ordu erdian. Uzta eskasegia Ademar Leonentzat, goi mailako taldea baita. Sei gol, gogotik kostatakoak gainera. "Aurpegietan nabaritzen zitzaien ezina", kontatu du Pulpoko entrenatzaile Ibon Enbilek partida amaieran, kiroldegi kanpoaldeko txosnan zintzurra ondo merezitako garagardo batekin bustitzen zuen bitartean. Gaur Pulpo lehen zatian horma gaindiezina izan baita. Distira handiko taldea izan da hau beti, baina lan beltzak zenbat baino duen erakutsi die aurten Enbilek, eta gaur ohorezko matrikularekin gainditu dute azterketa. "Defentsan horrela jokatuta, ez dago beldurrik". Eta defentsarekin batera, atezaina nabarmendu behar. Eneko Tena gorantz doa mugarik gabe. Logroñotik atezain onenaren saria ekarri zuen, baina gaurko Eneko Errioxako haren gainetik egon da. Ademarrek 13 minutu behar izan ditu lehen gola egiteko. Ordurako bost eginak zeuzkan Pulpok.

Erasoan, ordea, ez da izan Pulporen partidarik onena. Aurkariaren meritua ere bada, baina presioak ere izan du eraginik zenbait jokalarirengan. Partida hausteko aukera izan du Pulpok lehen zatian, baina Ademar bizirik iritsi da atsedenaldira, eta bigarren zatian partidak beste itxura bat hartu du. Ademarrek zerbait egin beharra zuen partida iraultzeko eta buruz-buruko defentsa egin dio Kauldi Odriozolari. Iñigo Garaizabal eta Ander Torrikoren artean tarteka ondo moldatu dira, izan dira defentsan zabaldutako zuloak aprobetxatzeko gai, baina jokoa pixkanaka baldartzen joan da, eta Ademarrek noizean behin kontraerasoan bizi ateratzeko bidea aurkitu du, Pulporen jaurtiketa ustelak aprobetxatuta. 

Bigarren zatiko erdialdean 15-13 estutu da markagailua, eta gaztelarrek irabazteko aukera ikusi dute lehen aldiz. Baina Pulpo ez da hondoratu. Aldeko falta izan duten bakoitzean Kauldi Odriozolak ondo aprobetxatu du gainean zuen defentsan atzeko lerrora joan behar izana, eta behin eta berriro gainditu du Ademarren defentsa lerroa. Ander Torrikok ere gol garrantzitsuak lortu ditu, eta Ademar konturatu denerako denbora agortuta zegoen eta Pulpo lau gol zen aurretik. Azkenean, 23-19, eta gauza handiagotan pentsatzen hasteko balio dezakeen garaipena.

Montequinto 26-25 Melilla

Multzoko beste partida askoz orekatua izan da markagailuan, partidan zehar gorabehera asko izan diren arren. Sevillako Montequinto nagusitu da partidaren hasieran eta bazirudien Andaluziako taldeak kontrolpean zuela jokoa, baina Melilla talde bizia da, elektrikoa, eta bigarren zatian aurretik jarri dira afrikarrak 16-19. Baina txispa itzaltzen hasi zaienean Montequintok aukera ondo aprobetxatu du eta azkenean sevillarrek irabazi dute, 26-25.

Bartzelona nagusi lehen multzoan

Madrilgo San Sebastian de los Reyesek ez du aukerarik izan Bartzelonaren aurka. Lehen hamar minutuetan eutsi diote, baina hortik aurrera amore eman beste aukerarik ez zaie gelditu. Mutil handiak dira Bartzelonakoak, plantila oso konpletoa dauka, eta gaur ez dute estutzeko premiarik izan 31-17 irabazteko.

Goizean jokatu den multzoko beste partidan Malagako Maristasek 29-22 irabazi dio Gijongo Covadongari.