San Juan Egoitzan hiru eguneko greba hasi dute, ELA sindikatuak deituta

Baleike 2015ko mai. 6a, 13:27

Patronalarekin hitzarmen berria negoziatzeko izandako arazoak medio, ELA sindikatuak hiru eguneko greba deialdia egin du Gipuzkoako egoitzetan. Zumaiari dagokionez, San Juan Egoitzako langile talde bat atera da kalera, Otezurin akordiora heldu baitira.

Gipuzkoako egoitzetako langileen %25ak akordioa lortu badu ere, beste langileek patronalarekin negoziatzeko izan dituzten zailtasunak direla eta deitu du ELAk gaur hasi eta hiru egunez luzatuko den greba. Sektorean hirugarren adineko pertsonen egoitzak, eguneko zentroak eta pisu tutelatuak sartzen dira.

Sindikatuak jakitera eman duenez, grebara deitzeko arrazoi nagusia Gipuzkoan dauden 40tik gora enpresa hitzarmen eta hitzarmen kolektiboa lortzeko patronalaren aldetik dagoen negoziazio eza da. Zumaiari dagokionez, Gerozerlan enpresak eramaten duen Otezuri egoitzan heldu dira akordiora. Ez horrela Eulen enpresaren esku dagoen San Juan Egoitzan. Bertako langileak kalera atera dira eguerdi honetan eta bere egoeraren berri eman dute magnolioaren aurrean egindako kontzentrazioan.

“Bilerak 2014ko azaroan hasi zirenetik patronalak (ADEGI eta LARESek osatua) ez du negoziatzeko proposamen bat egin, ezta langileen ordezkariekin akordioak lortzeko kontsentsurik bilatzeko gauza izan ere”, diote ELA sindikatutik. Era berean, nabarmentzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen kolektiboak berritu ahal izateko aurrekontua 11,5 milioi euro gehitzeko prest agertu dela, eta sektore honen finantzaketa %90ean erakunde honek osatzen du.

ELAk berriro dei egiten dio patronalari “Biharko Gipuzkoak eta Gerozerlanek bezala -bien artean ia 1.000 langileko plantilla dute-, arduraz jokatu eta berehala egin dezala hitzarmenak berritzeko pausoa, bere itxikeriak eta immobilismoak ez gaitzan datozen aste eta hiletan beste gatazka handi batera eraman”.

Mobilizazioak

Eguerdian egindako kontzentrazioarekin hasi dituzte hiru egun hauetako mobilizazioak. Bihar, maiatzak 7, kotxe karabana egingo da bailarako egoitza desberdinak zeharkatuz. 10:00etan Kiruri jatetxearen (Loiola) aurreko aparkalekua bilduko dira eta Azkoititik Zarautzerako bidea egingo dute. Maiatzaren 8an, berriz, manifestazioa burutuko dute “Gipuzkoako egoitzetako langileei babesa emateko”.