Bertso eta rock jaialdi bana repetizioei hasiera emateko

Baleike 2015ko api. 17a, 11:04

Lau eguneko jaiak ez dira nahikoa zumaiarrentzat, ez behintzat santelmoei dagokionez. Ajeak atzean utzi dituztenek berriro festa giroan murgiltzeko aukera izango dute gaur hasi eta igande gauerdira bitartean, santelmoen repetizioekin.

Denborarekin arrakastatsuak bihurtu diren bi jaialdi izango ditugu ostiral honetan. 20:00etan Bertsotan jai jaialdia izango da Torreberrin. Koadrilaka eta jai giroan ospatzen den txapelketa izaten da hau, lehen asteburuko saio ‘ofizialetik’ ezin urrunago dagoen izpiritua duena. ““Lehen Zumaiako bertso txapelketa oso formala zen. Orain askoz hurbilagoa da eta minimo bat duen edozeinek hartu dezake parte. Aurreko urte batean kantatu zuen bertsotan sekula entzun ez duzun jendeak. Irabazi ere egin zuen batek, eta ez dakit nola! Pixka bat baldin badakizu eta pixka bat ausarta bazara, parte hartu dezakezu. Nik uste horrek bultzatzen duela parte hartzera, baina baita entzutera ere. Entzutera zoazenean ere ez zoaz bertso saio formal batera”, zioen lehen ostiraleko jaialdian aritu zen Maddalen Arzallus bertsolariak. Gaurko jaialdian ere ez du huts egingo Zumaian bizi den hendaiarrak.

Bertso jaialdiaren amaieran, 22:30ak aldera eta txosna eremuan, Bertsio gaua izango da. Hamar bat talde igoko dira oholtza gainera gogokoenak dituzten taldeen kantak jotzera: Berri Txarrak eta Su ta Gar, Willis Drummond eta MC5, Arctic Monkeys eta Rolling Stones. Bertsio gauak urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa duela zioen Jon Urruzuno rockzaleak. “Talde askotan aritzen diren musikariak nahastuta ikusteko aukera izaten da gau horretarako espresuki sortutako taldeetan eta, gainera, zoroarena egiten. Umorea izaten da eta gainera talde famatuen kantak edo temazo handienak jotzen dira eta horrekin jendea gustura egoten da”, zioen aurten ere txosnetako eszenariora igoko den zumaiar honek. Bere kasuan Urola Remember proiektuarekin azalduko da: “Gugan eragina izan duten Azpeitiko eta Zumaiako talde batzuen bertsioak joko ditugu”.