Pulpoko jubenilek Logroñon jokatuko dute Espainiako Txapelketako fasea

Baleike 2015ko api. 10a, 08:38

Apirilaren 24tik 26ra jokatuko dute jubenil mailako mutilek Logroñon, etxeko Naturhouse La Rioja, Granollers eta Anaitasuna Aren aurka.

Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere etxean nahi zuen antolatu Pulpok Espainiako Txapelketako fasea, baina aurten ez da zorterik izan eta Logroñon jokatuko dute, santelmoen ondorengo asteburuan.

Lehen partidan, ostiralean, Anaitasuna A izango dute aurkari; larunbatean Granollers, eta igandean Naturhouse La Rioja. Anaitasuna A eta Granollers ondo ezagutzen dituzte, iaz Zumaian jokatutako fasean aurkari izan baitzituen. Granolllersi irabazi egin zion Pulpok, baina Anaitasunaren aurka ezinean aritu ziren azken partidan. Iazko arantza kentzeko aukera, beraz.

Lau taldez osatutako zortzi ligaxka jokatuko dira fase honetan, eta ligaxka bakoitzeko irabazlea sailkatuko da zortzi onenen arteko hurrengo fasera. Horixe da, hain zuzen ere, Pulpoko jubenilen helburua. Kadete mailan eta jubenil mailako lehen urtean urrats bakarrera gelditu ziren, Bartzelona eta Anaitasunaren aurka galduta. Aurten, jubenil mailako bigarren denboraldian, azken aukera izango du belaunaldi bikain honek.