Udal hauteskundeak 2015

EAJ-PNV: "Talde gaztea, baina, aldi berean, eskarmentu handikoa aurkezten dugu hauteskundeetara"

EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten kideak. Argazkia: EAJ-PNV

Maiatzean izango diren udal hauteskundetarako zerrenda aurkeztu zuen atzo Zumaiako EAJ-PNVk Alondegiko Oxford aretoan. “Talde gaztea, baina, aldi berean, eskarmentu handikoa” aurkezten dutela aldarrikatu zuen alkatetzarako hautagai Oier Kortak.

Zerrenda osatzen duten pertsonak alderdikideen txalo artean igo ziren banan-bana Oxford aretoan jarri zen oholtzara. Kortaz gain, ondorengo hamabi kideek osatzen dute EAJ-PNV alderdiaren hautagaitza: (2) Maria Cruz Alvarez; (3) Gotzon Enbil; (4) Jon Joseba Iraola; (5) Cristina Vicente; (6) Xabier Garmendia; (7) Lide Amilibia; (8) Unai Mancisidor; (9) Ane Arregi; (10) Miren Josune Zabala; (11) Joseba Esnal; (12) Edurne Egaña eta (13) Mikel Olaizola.

Gaztetasunari esperientzia gehitu zaiola azaldu zuen Oier Kortak. “Gaztetasunak duen indarrari, zerrendan dauden bi lagunek instituzioetan duten esperientzia gehitu behar zaio”. Taldekideen artean ilusioa sumatzen duela ere onartu zuen hautagaiak.

Hauteskunde hauetarako alderdiak aukeratu duten ‘Eman ziaboga’ leloari jarraituz, Zumaiak ziaboga bat behar duela azaldu zuen zerrendaburuak. “Ziaboga bat behar dugu geldiune honetatik ateratzeko. Herriak aldaketa bat behar du. Gobernua hondakinen saltsa horretan kateatuta egon da eta aurrera egiteko proiektuak behar dira”.

Hauteskundetara begira prestatutako programa ondorengo egunetan aurkeztuko dutela aipatu zen ekitaldian zehar, baina Kortak lehen zertzelada batzuek aurreratu zituen irisgarritasunaren, etxebizitzen eta kirolari dagokionez.

Irisgarritasunari dagokionez, onartu zuen azken aldian egin dela lana egoera hobetzeko. “Igogailuak jarri dira alde zaharrean edota Jadarren, baina auzo batzuetan badago zer hobetua. Larretxon, adibidez”.

Etxebizitzen arloan azken zortzi urtetan “paralisia” egon dela uste du Kortak. “Hausnarketa bat egin beharko da herriko beharrak zein diren jakiteko”.

Kiroletan, berriz, eta bere zerrendan munduko txapeldun bat duela [Gotzon Enbil] txalotu ondoren, frontoiaren gaia gogoratu zuen. “Inauguratuko da, baina ondoren horko jarduera guztiak jarri beharko dira martxan”.

Beraien asmoen artean herriaren itxura hobetzea ere badagoela azaldu zuen. “Espaloiak, errepideak… Herri utzita dago eta horiek behar bezala jarri behar dira”.

Oier Kortaren aurretik Jexux Olaizolak, Zumaiako EAJ-PNVko presidenteak hartu zuen hitza. Azken zortzi urtetako “geldialdiak” hauteskunde hauek irabaztera “derrigortzen” dituela azaldu zuen: “Ezin dugu beste lau urteko geldialdirik onartu. Bi hilabete ditugu eta denen laguntza beharko dugu egoerari buelta emateko”. Orain arte egindako lanak konfiantza ematen duela goraipatu zuen Olaizolak. Amaitu aurretik, eskerrak eman zizkien amaitzear dagoen legealdi honetan, “eta oso baldintza txarretan”, alderdi jeltzalea ordezkatu duen taldeari.