Pulpoko alebinak txapeldun Kantabrian

Baleike 2015ko api. 5a, 15:03

Pulpoko alebin mutilek Corrales de Buelna herrian (Kantabria) jokatu den eskubaloi txapelketa irabazi dute. 

Bezperan Castillari irabazi ondoren, finalean Nafarroako Loyola taldea zuten aurkari zumaiarrek. Gaurkoan kamiseta beltza zeramatzaten gaztetxoak nagusi izan dira eta 23-16 emaitzarekin irabazi dute. Amaieran pozaren pozez elkartu dira Zumaiatik joandako kide denak. Kiroldegiaren kanpoaldean Pulpoko neskek pasilloa egin diete txapeldunei.

Gaztetxoen mailan jokatzen den txapelketa esanguratsuenetakoa da Corralesekoa. Aurten XXV. txapelketa jokatu da eta Pulpok hiru talderekin hartu du parte: bi neskatan eta bat mutiletan. Nesken A taldea finalaren atarian geratu da, atzo jokatutako finalaurrekoan galdu ondoren.

Mutilen kasuan, jokatutako lau partidak irabazita suertatu dira txapeldun. Pulpok txapelketa hau irabazten duen bigarren aldia da. Aurrekoa orain 6 urte erdietsi zuten. Agerian da Pulpok bere harrobia zaintzen jarraitzen duela.