Ikusleek 'Mommy' pelikula hautatu dute zine forum saiorako

Baleike 2015ko mar. 26a, 09:05

Zine forumeko neguko txandako pelikulen eskaintza aurkeztu zuenean, Ostarrena zine klubak ikusleen esku utzi zuen txanda horretako azken saioan emango zen pelikularen hautaketa. Ikusleek beraien iritzia eman dute eta gaurko saioan emango den filma 'Mommy' kanadiarra izango da (22:00etan, Aita Marin).

Irudimenean bakarrik dagoen Kanada batean, lege berri bat onartzen da: gurasoek beraien seme-alabak zentro berezi batean sartu ahal izango dituzte kontrolatu ezin badituzte. Diane 'Die' Despres ama alargunak beste erabaki bat hartzen du: biolentoa izan daitekeen bere seme Steve etxean heztea erabakitzen du. Aurrean bizi den bizilagun batek, Kylak, bere laguntza eskainiko dio. Hiruen arteko harremana gero eta estuagoa bihurtuko da.

26 urte besterik ez dituen Xavier Dolan zuzendari eta gidoilari kanadiarraren bosgarren lana da 'Mommy' eta 2014ko Canneseko Zinemaldian aurkeztu zenetik hainbat sari jaso ditu, horien artean, Epailegoaren Saria Cannes bertan.