Darahli 2015

Martxoaren 27an joango da Darahliren espedizioa Saharako kanpalekuetara

Guztira 73 lagun joango dira, gehienak Institutuko eta Maria eta Joseko ikasleak, hainbat lankidetza proiektu burutu eta errefuxiatuen errealitatea lehen eskutik ezagutzera.

Zumaiako Institutuko eta Maria eta Joseko DBH4ko 54 ikaslek hiru urte daramatzate Saharako errefuxiatuen aldeko lana egiten, lankidetza proiektuak prestatzen, eta azkenean iritsi da Tindoufeko kanpalekuetara bidaiatzeko unea. Martxoaren 27an abiatuko dira, eta hamar egun izango dituzte aurreikusitako proiektuak gauzatzeko: besteak beste, 21 eguzki plaka instalatzea, 30 familia senidetzea, erabilera anitzeko areto bat prestatzea, eta eskola eta medikuntza materiala eramatea.

Baina lankidetza proiektu zehatzen gainetik, beste batzuk dira Darahliren helburuak, Ibon Ibargurenek eta Samuel Ruizek arduradunek aurkezpenean azaldu zutenez. “Bi herri batzea da helburua, eta aurten joango diren 54 ikasle horiek saharrarren enbaxadore bihurtuko dira, handik etortzean ikusitakoa kontatuko dute, eta bizitzan ahaztuko ez zaien esperientzia izango da. Gizartea eta erakundeak sentsibilizatzea ere bada gure zeregina”. Errefuxiatuek, baliabide materialez gain, laguntza politikoa ere behar dute, Darahliko kideen iritziz. “Kanpalekuetan bizitzeko gure laguntza behar dute, baliabideak behar dituzte; baina bizi duten bidegabekeria horrekin bakarrik ez da amaituko. Horretarako erakundeak inplikatu behar ditugu, laguntza politikorik gabe ezin delako konpondu bizi duten gatazka”.

Zumaiako Institutuko zuzendari Jone Amundarain eta Maria eta Joseko zuzendari Isaak Aranberrik ere hartu zuten parte bidaiaren aurkezpenean, Iñaki Agirrezabalaga alkatearekin batera. Bi eskolek bere egin dute proiektua 2006an martxan jarri zenetik. “Bizitzarako gaitasunak ere erakutsi behar dizkiegu ikasleei, ez bakarrik matematika edo ingelesa”, azaldu zuen Aranberrik. “Gizartean lan boluntarioa egitea zer garrantzitsua den ikasiko dute, ez bakarrik han laguntzeko, hemen ere bai. Esperientzia oso polita izango da beraientzat, eta asko ikasiko dute. Asko eduki gabe ere zoriontsu izan gaitezkeela erakutsiko digute sahararrek”.