Udal hauteskundeak 2015

EAJ: "Zumaiarrek erabaki dezatela hondakinak biltzeko sistema"

Baleike 2015ko ots. 24a, 09:02

“Korrika eta presaka, hondakinen mahaian adostu ez zen sistema inposatu nahi du Bilduk” salatu du Oier Kortak EAJ-PNVren alkategaiak. Udal hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere sistema zehaztu eta herritarrek erabakitzea proposatu du.

Oier Korta alkatetzarako hautagai jeltzaleak salatu du legealdia bukatzear dagoenean, Udalak, "hondakinen mahaian parte hartu zuen gehiengoari muzin eginez, korrika eta presak inposatu" nahi duela "adostutakoa ez den sistema", eta adierazi du:” Ez Bilduren bi legealditan, ezta aurreko legealdietan ere, ez dugu ezagutu herrian halako haserrea piztu duen beste gairik”.

Ildo horretan Kortak azpimarratu du: “bi urte betetzera goaz, hondakinak biltzeko sistemaren akordioa sinatu zenetik eta hamaika bilera, hara eta hona, eta denbora pasa ahala, adostutakoa gauzatu ezinezko akordioa zela jakinarazi zuen Udal Gobernuak eta bat batean abenduan, sistema berria martxan jartzea erabaki zuen”.

Hautagai jeltzaleak gogoratu du EAJko udal taldeak abenduan adierazitakoa. “Gaur egun, funtzionamenduari eta kostu ekonomikoei dagokionez, zehaztasunik jakin gabe jarraitzen dugu. Dakigun bakarra da, organikoak eta errefusa jasotzeko ibiliko diren bi edukiontzi motak txipa eramango dutela eta gaur egun daudenak baino edukiera txikiagokoak jarriko direla baina datu errealetan oinarritu gabeko inolako argudiorik gabe. Zergaitik bi urtetako paralisi honen ondoren Bilduk presaka inposatu nahi digu sistema berria? Zergatik Azkoitian eta Mutrikun herritarrek erabakitzeko aukera izan dute eta Zumaian ez?" galdetu du Kortak.

Zerrendaburuak bere kezka agertu du “korrika eta presaka inposatu nahi diguten sistema berria, Tolosakoaren kopia bat izango ote den”, eta horrek “benetako kezka ematen digu”. “Horregatik, eta Tolosan sortutako haserreagatik egokiena sistema berri hori bizi dutenen testigantza zuzena jasotzea litzateke” aurreratu du.

Amaitzeko esan du: “Maiatzaren 24ko hauteskundeetara aurkezten garenok aukera ezin hobea dugu, geure programen bitartez, gure herri eredua azaltzeko, eta izan daitezela zumaiarrak, gai honetan ere azken hitza emango dutenak. Hasieratik garbi izan dugu gaia, herriarekin landu behar dela eta ez herriaren aurka, adostasunarekin eta ez inposaketarekin. Horregatik, argi eta garbi diogu bosgarren edukiontzia defendatzen dugula baina ez gaur egun ditugunak baino ontzi txikiagoak. Ez dauka inolako zentsurik eta ez dugu nahi Zumaiako kaleak etengabeko eta berehala betetzen diren edukiontzien erakusketa zikin bat bilakatzea Tolosan gertatzen ari den bezala”.