'Gomezagoren gutuna' liburua kalean da dagoeneko

Baleike 2014ko aza. 26a, 08:15

Astearte arratsaldean egin zen Baleike kultur elkarteak atera duen argitalpenaren aurkezpena Alondegian eta gaur bertan jarriko da salgai ohiko saltokietan. Baleikeko bazkideek doan jasoko dute abenduko zenbakiarekin batera. 

Alondegiko ikasgelan egin zen liburuaren aurkezpena eta bertan izan ziren haren egileak, Josu Waliño idazlea eta Ander Hormazuri ilustratzailea. Beraiekin zen Baleike kultur elkarteko lehendakari Xabier Azkue. Gogoratu zuen Baleikeren 20 urtetan era askotako produktuak atera dituela: liburuak, DVDak... "Herriaren identitatea bultzatzeko oso garrantzitsua da horrelako lanak egin eta zabaltzea, herriko artistak elkarlanean jarrita, geure herria hobeto ezagutu eta maitatzeko aukera ematen digulako". 'Gomezagoren gutuna' liburuak ere herriko gai bat lantzen duela azpimarratu zuen: "Pertsonaia bat hain zuzen, aspaldian ezkutu antzean geratua zena". Argitalpen honekin txikienei zuzendutako materialetan herriko kontuei tokia egitea bultzatu dela gaineratu zuen. "Gomezago ez da hain pertsonaia berezia, azken batean Olentzeroren parekoa da, arrantzale girora egokitutakoa; baina geurea da, eta tokia egitea merezi du", adierazi zuen.

Xabier Azkuek eskerrak luzatu zizkien liburu hau diruz lagundu duten erakundeei: Zumaiako Udaleko Kultura sailari, Maria eta Jose ikastetxeari, Zumaiako Herri Eskolari.

Gomezago ia galduta egon den pertsonaia dela aipatu zuen Josu Waliñok. "Guk eskolan ez genuen ezagutu eta gaur arte heldu bada jende batek egindako lanari esker izan da". Hala, Trabuko ezizenarekin sinatzen zuen herritar batek Orrua aldizkarian ateratako artikulua gogoratu zuen. Azaroko Baleike aldizkarian zioen bezala, helburua ez zen Gomezagoren historia kontatzea. "Gomezago ez da ipuinaren protagonista, baina bai bueltaka dabilen elementua". Zumaiartasuna gorde dela ere gaineratu zuen.

Ipuin hau Gomezagoren figura herrian indartzeko abiapuntua izan daitekeela pentsatzen du Waliñok. "Antzerki bat edo beste hainbat gauza egin daitezke bere inguruan".

Ipuina jantziko zituen ilustrazioak egiteko lehen eta aukera bakarra Ander Hormazuri zuela ere gehitu zuen. "Berekin hainbat lan egin ditut aurretik eta oso emaitza onarekin". Marrazkigileak presio berezia zuelakoan zen Josu Waliño: "Roberto Gutierrez diseinatzaileak esan zuen bezala, orain arte ez da Gomezagoren irudirik eta Anderrena izango da etorkizunean Gomezago irudikatzeko erabiliko dena".

Anderrek presio hori sumatu ez zuela adierazi zuen. "Nik irudikatu ez, marraztu egiten dut. Robertok hori ipuina irakurri aurretik esan zuen. Ipuinak ez da Gomezago agertzen eta garrantzia handiagoa eman nion Telmo izeneko haurra marrazteari: negar egingo zuen, barre... Baina hasieran asmorik ez banuen ere, azkenean Gomezago bat egin nuen". Horretarako ikerketa lana ere gauzatu behar izan zuen.

Liburua gaur jarriko da salgai, Aizpurua eta Otaño liburu-dendetan, Foto Garren, Mandalan, turismo bulegoan eta Alondegian, 10 euroan. Baleikeko bazkideek doan jasoko dute Gabonetako opari bezala, eta baita ere Maria eta Jose ikastetzzeko eta Zumaiako Herri Eskolako HH5 eta LH1eko haurrek.