'Crowdfounding' kanpaina jarri du martxan Iseka rock taldeak disko berria kaleratzeko

Baleike 2014ko aza. 13a, 19:43

Diskoak argitaratzeko ohiko bideak ia agortuta daudela ikusirik, finantziazio bide berritzaile baten aldeko apustua egin du Iseka musika taldeak: crowdfounding-a. Internet bidez, diskoa laguntzen interesa duen orok egin dezake bere diru ekarpena, bost eurotik hasita. Helburua da 3.000 euro lortzea gastuak ordaindu ahal izateko.

Baleike aldizkarian Isekari eskainitako erreportajea

BIDEOA: Isekaren kontzertua Baleike Egunean

Musikagintzan aurrera egin nahi duten talde berriek bide berriak jorratu beste aukerarik ez dute gaur egun. Argitaletxeen eredu klasikoa jausi egin da, ia erabat deuseztu dute iraultza digitalak eta haren ondotik sortutako kontsumo ohitura berriek. Hala ulertu du Iseka taldeak. 1995ean jaiotakoak dira Mikel Larrañaga, Abel Armendariz, Iosu Alberdi eta Julen Garcia, eta oso garbi dute iraganeko eskemak amaitu direla. Lehen diskoak harrera bikaina izan zuela ikusirik (argitaratutako 500 aleak agortu dira), bigarrenerako kantak prestatu eta diskoa grabatzeko gertu dira. Horretarako dirua behar, ordea. "Ikusi genuen beste talde batzuek crowdfounding-aren formula erabili zutela, eta pentsatu genuen geuk ere hala egin genezakeela", azaldu du Julen Garciak. Mila euro inguru dauzkate gordeta diskoen eta kamiseten salmentatik. Beste 3.000 behar dituzte. "Grabaketa, produkzioa, masterizazioa, bideoklipa... Gauza asko dira azkenean".

Lehen diskoarekin egin bezala, bigarrena ere Zumaian grabatuko dute, Igor Gutierrez Jijas-en estudioan. "Zortzi edo bederatzi kanta izango ditu, eta esan genezake estilo aldetik helduagoa izango dela, landuagoa, baina gure estiloan. Rock melodikoa. Letra aldetik, gai sozialak agertuko dira, aldarrikapenak, baina baita gai pertsonalak". Dagoeneko hasi dira lehen lanekin, baina diskoa martxo alderako izango dute prest. Izan ere, etxetik kanpo ari dira ikasten eta denak elkartzeko zailtasunak dauzkate. Julen Garcia, esate baterako, musika ikasketak ari da egiten Salamankan. "Konposatzeko-eta, askotan bakoitzak bere kabuz lantzen du zerbait eta gero internet bidez konpartitzen dugu, besteek osatzeko, moldatzeko... Gero, ahal dugunean, Zumaian denok bildu eta kantak entsaiatzen ditugu. Grabazioa egiteko ere, bakoitza bere partea lantzen joango da".

Internet bidezko diru bilketa

Interneteko Verkami plataformaren bitartez erabaki dute crowdfounding kanpaina egitea (hemen lotura). Helburua da 3.000 euro biltzea jendeak egindako ekarpenen bitartez, epe muga jakin batean. Isekaren kasuan, 37 egun gelditzen zaizkie kanpaina amaitu baino lehen. Ekarpenak egiteko hainbat maila daude. Oinarrizkoena, bost eurokoa. Kasu horretan, trukean diskoaren bertsio digitala jasoko duzu eta izena eskertzen atalean agertzeko aukera. Hamar euro emanez gero, disko fisikoa, sinatuta, eta eskertzetan izena agertzea. Ekarpen handiagoak eginez gero, kontzertuetarako sarrerak edota kamisetak ere jasoko dituzu. Eta norbaitek 600 euro baditu emateko, "kontzertu pribatua" eskaintzeko prest daude.

Kanpaina hasi berri da, baina garrantzitsua da ahalik eta gehien zabaltzea, baita sare sozialen bidez. "Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu, bakoitzak bere aletxoa jarriz ea osatzen dugun behar dugun dirua". Komunikabideen arreta ere ari dira erakartzen. "Datorren astean ETB1eko Euskal Herria Zuzenean saiorako grabatuko digute elkarrizketa".