Zumaiarrak herri harresian: “Modu baketsuan erakutsi dugu injustizia baten kontra gaudela”

Baleike 2014ko urr. 8a, 09:40

Gazte independentisten mugimenduak desobedientziaren bidea hartu du epaiketa politikoak salatzeko. Loiolako basilikaren aurrean egindako herri harresia izan da azken ekintza. Han izan ziren lerro hauetan mintzo diren bederatzi zumaiarrak.

Irailaren 22an hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean 28 gazteren kontrako epaiketa, Segiko kide izatea leporatuta –tartean da Beñat Lizeaga zumaiarra–. Bezperan, agerraldi publikoa egin zuten auziperatuek Loiolako basilikaren aurrean, “auzi politikoen aurrean herritarrei konpromisoa” eskatzeko, eta 28 auzipetuetako bostek epaiketara ez joatea erabaki zutela iragartzeko. Iragarri bezala, biharamunean, epaiketan bost gazte falta zirela ikusi eta atxilotzeko agindua eman zuen Angela Murillo epaileak. Bostak Loiolan zeuden, baina 400 bat lagunek osatutako herri harresi batek babestuta. Basilika atarian osatu zuten harresia, eskaileretan elkarren ondoan eserita eta besoetatik helduta. Eta hala eutsi zioten elkarri, Ertzaintzak epailearen agindua bete eta indarrez bost lagunak atxilotzea lortu zuen arte. “Guk bagenekien bostak eramango zituztela, baina helburua zen erakustea epaiketa bidegabekeria hutsa dela. Horregatik esan genuen guretzat garaipen bat izan zela”, azaldu du Aratz Zearretak.

Irailaren 22an Loiolako basilikako eskaileretan eseri ziren Aitor Ossa, Itxaso Urkidi, Borja Yeregi, Libe Osa, Ibane Astigarraga, Maddi Altuna, Aratz Zearreta, Alaitz Gorostiza eta Roman Etxaniz, beste hainbat zumaiarrekin batera. “Epaiketa politikoak bidegabekeria hutsa direla salatzera” joan ziren. (Aitor Ossa):“Epaituei elkartasuna adierazi nahi nien, epaiketara ez agertzea erabaki zuten bost gazteei babesa eman; gizarteari adierazi nahi genion ez gaudela ados epaiketa hauekin”.(Maddi Altuna): “Epaiketa hauek legearen babesa edukiko dute, baina injustizia handiak dira. Ideia xinple horrek bultzatu gintuen Loiolako ekimenean parte hartzera”. (Aratz Zearreta): “Azken finean, militantzia politikoagatik badaude auziperatua, orduan ehunka lagunek egon beharko genuke kartzelan. Nik Loiolako harresian ikusi nuen neure burua, leloarekin bat eginez: Gu zuek gara, zuek gu zarete”. (Alaitz Gorostiza): “Beraien auziperatzea oso injustua da, beste gazte askok duten militantzia politikoa dutelako, eta zergatik beraiek, denok berdinak bagara?”.

Gazte independentisten kontrako epaiketa politikoei erantzuteko bide berri hau 2013ko apirilean erabili zen lehen aldiz, Donostian–Ondarroan, Iruñean eta Loiolan egin da geroztik–; aurrekari zuzena da, baina, Batasunako kide Aurore Martinen atxiloketa saio ustela: 2011ko ekainaren 21ean Martin atxilotzen saiatu zen Frantziako Polizia, baina herritar multzo batek eragotzi egin zuen. (Aratz Zearreta): “Ideia hori garatuz sortu dira askeguneak eta herri harresiak. Jendea kokoteraino dago. Beste garai batzuk dira, baina Estatuak formula zaharkituak erabiltzen jarraitzen du. Horren aurrean zer aukera dago? Desobedientzia”. (Maddi Altuna): “Herri harresiak aukera ematen du gutako bakoitzak oso modu zuzenean parte hartzeko, bata bestearen ondoan jarrita. Herritar bakoitzak osatutako kolektiboa da hor irudikatzen dena. Jendeak parte hartzen du, bere ekarpenak eragin oso zuzena duela ikus dezakeelako”.

Duela 25 urte mugimendu antimilitaristak desobedientzia ekintza baketsuak eta erresistentzia pasiboa erabili zituen derrigorrezko soldadutzaren aurka borrokatu eta legea aldarazteko –beste hamaika adibide ere eman daitezke–. Bide horrek gizartearen aurrean duen zilegitasunaz eta botereari eragiten dion deserosotasunaz jabetuta daude gazteak. (Aitor Ossa): “Dudarik gabe. Agintean daudenek ez dakit zer pentsatuko duten, baina gizarteak ikusten duena da gazte batzuk geldirik, ezer egin gabe, eta Ertzaintza haiek egurtzen. Irudi horrek zilegitasuna kentzen die, eta espero dut aldaketaren bat eragitea, indarkeria hain erraz erabil ez dezaten”. (Borja Yeregi): “Guk modu baketsuan erakutsi dugu injustizia baten kontra gaudela, eta beraiek betiko formula zaharrekin erantzuten dute. Jendearengana iristeko beste zilegitasun bat lortzen da horrela”. (Maddi Altuna): “Irudiak oso ondo azaltzen zuen zer gertatu zen. Alde batetik, Ertzaintza Auzitegi Nazionalaren aginduz gazte batzuk indarrez eramaten, jipoika; bestetik, herritar multzo bat, maskara laranjekin, koloretako pelukak jantzita, denak geldirik, inolako indarkeriarik erakutsi gabe”. (Aratz Zearreta): “Parte hartzeko ideiak garbi eduki behar dira, ez delako batere samurra, kolpeak jasotzen ari zarenean, jarrerari eustea. Garbi eduki behar da zein den gure hautua. Gure gorputzarekin, bakoitza adreilu bat izanik, eutsi. Jakinda, hala ere, atxilotu nahi dituzten bost gazteak eraman egingo dituztela”.

Emozioen zurrunbiloa

Harresian egindako ordu haiek nola gogoratzen dituzue?

(Borja Yeregi): “Oso emotiboa izan zen. Kantuan egin genuen asko, eta ikusi genituenean Ertzaintzaren furgonetak gerturatzen, orduan eta ozenago hasi ginen kantuan. Zain. Bagenekien zer gertatuko zen. Bagenekien egurra jasoko genuela, baina hantxe egon ginen, beste bost gazte haiengatik”. Libe Osa: “Niretzat lehen aldia zen. Loiolara iritsi eta orduantxe batek esan zuen Ertzaintza bidean zetorrela. Derrepenteko kontua izan zen.”. (Ibane Astigarraga): “Eskolatik iritsi ginen eta segituan hasi zen dena. Nik behintzat ez nuen espero hain azkar izatea, etxean afaltzea zen nire asmoa…”. (Alaitz Gorostiza): “Ni hesiaren kanpoan gelditu nintzen, eta uste dut okerrago izan zela, asko sufritu nuen gertatzen ari zena ikusten”. (Borja Yeregi): “Irudietan ikusten da ertzainek nola atera zuten jendea, baina harresitik detaile guztiak ikusten dituzu, egiten dituzten zikinkeria guztiak, ukalondoa sartu, porrarekin jo… Eta segidan pentsatzen duzu hurrengoa zeu zarela”. (Maddi Altuna): “Oso emozio ezberdinez jositako momentua izan zen, oso gorabeheratsua. Beldurra pasatzen duzu, sentsazioa daukazulako edozein momentuan zerbait larria egin diezaioketela norbaiti. Baina kriston indarra sentitzen duzu kolektibo baten parte sentitzen zarenean”. (Alaitz Gorostiza): “Oso gogorra izan zen, baina oso polita. Bete egiten zaitu barrutik”. (Roman Etxaniz): “Ikustea 500 edo 600 lagun, bata besteari helduta, erresistentzia pasibo bat egiteko prest, horrek emozio handia sortzen du”. (Maddi Altuna): “Hor zauden momentuan zuk badakizu defenditzen ari zarena justua dela, eta konbentzimendua hain da handia, kolpatuko zaituztela jakin arren eutsi egiten diozu. Hori da honen indarra. Beraiek legearen babesa dute, baina justiziaren indarra guk daukagu”.

Aurrera begira, desobedientziaren bidetik jarraitzea al da zuek planteatzen duzuen aukera?

(Aratz Zearreta): “Desobedientzia bide berriak zabaldu behar dira, garbi dagoelako alde bakarreko bidean goazela. Herri harresietan sentsazioa da irabazi egin dugula, gero eta gehiago garelako”. (Maddi Altuna): “Badakigu ekintza jakin batekin ez dela epaiketa geldituko, baina helburua da eragin bat lortzea”. (Aitor Ossa): “Eta aurrera begira zilegitasuna lortzea gizartearen aurrean”. (Roman Etxaniz): “Desobedientzia jarrera eraman behar da beste maila batzuetara, herri mailako desobedientziara”.

Loiolako argazkien bilduma (Egilea: Axier Lopez)