Euskararen Aholku Batzordeak alderdi politikoak hautagai euskaldunak jartzera gonbidatu ditu

Baleike 2014ko uzt. 11a, 11:26

Urtebete baino gutxiago falta da udal hauteskundeak egin daitezen, eta euskarako gaiei jarraipena egiten dien batzordeak gutun bana bidali du alderdi politikoetako zuzendaritzetara.

Azken urteotan hizkuntza-politikaren bilakaera ikusita, eta Zumaia euskararentzat arnasgunea dela aintzat hartuta (herritarren 10etik 8k badaki euskaraz), ordezkari politikoek ere ekarpena egin dezaketela ikusi dute Euskararen Aholku Batzordean.

Beraz, hauteskundeetako zerrendetan zinegotzi izateko aukerak dituzten postuetan hautagai euskaldunak jartzera gonbidatu dituzte; zenbaitetan ulertzeko gai izatea nahikoa izan daiteke, horrela bileretako hizkuntza aldatu edo hainbat agiri gaztelaniara itzuli beharrik ez izateko. Izan ere, pertsona baten gaitasunak asko baldintza lezake euskararen erabilera udalaren funtzionamendua. Era berean, hurrengo legealdian ere zinegotzien bitartez euskara normalizatzeko ekintzak eta jarduerak bultzatzen jarraitzera gonbidatu dituzte.

Euskararen Aholku Batzordea 2004an sortu zen, Euskara Txanpan leloarekin lan egiten du, eta euskara bultzatzen duten talde eta norbanakoak elkartzen dira: ikastetxeak, guraso elkarteak, euskaltegia, kultur elkarteak, kirol taldeak, merkatariak, etab.