Behatokia: "Herritarren eta Udalaren elkarlanak emaitza positiboak ekarri ditu"

Baleike 2014ko uzt. 8a, 20:08

Hizkuntza eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik salatu du mediku euskaldunen falta nahi baino ohikoagoa dela euskara nagusi den herrietan ere."Zumaian gertatutako hau, Osakidetzan eta osasun alorrean, orokorrean gertatzen den zerbait da. Urtez urte, Behatokiak hizkuntza-eskubideen egoera jasotzen duen urteko txostena egiten duenean agerian geratzen da Osakidetza beltzuneetako bat dela".

"Osakidetzan langile elebidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera, are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, uda garaian egiten diren ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Ordezkatzen den lanpostu horrek ezarrita duen hizkuntza-eskakizuna ere ez da aintzat hartzen eta ondorioz, langile elebidunak erdaldunekin ordezkatzen dira".

"Administrazioak, kasu honetan Osakidetzak, hartu behar ditu dagozkion neurriak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen, ezin baitugu ahaztu administrazioei dagokiela herritarren eskubideak bermatzea, baita hizkuntza-eskubideak ere. Ildo honetan, aukera bat galdu berri du Osakidetzak, izan ere, orain dela hilabete gutxi egin du 2. Plangintzaldia eta ez du kontuan hartu aurrekoak eman dituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da".

"Kasu honetan, herritarrek egindako lanari esker, lortu da neurri batean hasieran egindako kaltea konpontzea, euskalduna den beste mediku bat jarriz, baina euskaldunak ezin du etengabe eskatzen ibili. Hori konkon dadin, ezinbestekoa da hasieratik beharrezkoa diren neurriak hartzea. Hasieratik langile elebiduna kontratatzea, merkeagoa eta eraginkorragoa da eta ordezkapenen kasuari dagokionean ere, hizkuntza-eskubideak aintzat hartu behar dira".

"Zumaiako kasu honetan, herritarrek eta instituzioek, kasu honetan udalak, elkarlanean egin diote aurre sortutako arazoari eta elkarlan honek emaitza positiboak ekarri ditu. Hain zuzen ere, hori da jarraitu behar den bidea. Euskalgintzak ere, bide hori babestu eta bultzatuko du. Gisa honetako egoerak ematen diren herrietako herritar, herri mugimendu eta instituzioei bide hau jarraitzeko deia egin nahi diegu".